Martxan daude Leioako buruz buruko pala- eta pilota-txapelketak

Ander Zarraga 2023ko ira. 29a, 14:29

Udaletxeko arkupeko frontoian Atxiki Pilota Elkarteak antolatzen duen aterpeko buruz buruko eskupilota-txapelketaz gain, lehen aldiz, buruz buruko emakumezkoen pala-txapelketa ere ari dira jokatzen egunotan. Oraindino ligaxka fasean daude, baina abenduko lehen aste-akabuan lehiaketa bakoitzeko finalak batera jokatzeko asmoa daukate.

Elene Uribe da emakumezkoen pala-txapelketako antolatzaileetako bat, eta kontatu duenez, "ikusi genuen Atxikik eskualdeko gazte asko batzen zituela, eta emakumeok palara jokatzeko gunerik ez genuenez, txapelketa bat antolatzea bururatu zitzaigun". Pandemiaren ostean, binakako txapelketak antolatu zituztela gogoratu du Uribe palista leioaztarrak, baina aurten buruz buruko emakumeen lehen txapelketa antolatzea erabaki dute.

Aldiz, Eneko Uribe pilotari leioaztarra eskupilota-txapelketako antolatzaileetako bat da. Atxiki Pilota Elkarteko kidea ere bada, eta ekipo ofiziala izan beharrean, "lagun talde bat" diren arren, hainbat urte daramatzate Leioan pilota txapelketak antolatzen, tartean, aterpeko buruz buruko lehiaketeta. Aurten, 60 jokalari inguru batu dituztela kontatu du. 

"Momentuz ez daukagu Atxikikoek daukaten sare handi hori, 18 emakume gabiltza lehiaketan, eta orain ligaxka fasea ari gara jokatzen", azaldu du palista leioaztarrak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun