Daborduko eskuragarri daude Leioa Indartu Bonoak 2023

Erredakzioa 2023ko urr. 2a, 09:13

Iban Rodriguez Leioako alkatea eta Pedro Arceredillo Enplegu, Ekonomia Sustapen, Merkataritza eta Turismoko zinegotzia aurtengo kanpaina aurkezten. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Leioa Indartu Bonoa 2023 ekimenaren laugarren edizioa jarri du martxan, herriko merkataritzari babesa eta dinamizazioa emateko helburuagaz. Hala, gaur, urriak 2, 09:00etatik aurrera, udal-webgunean 5.200 bonu baino gehiago jarriko dituzte salgai, ekimenari atxikitako leioaztarren establezimenduetan kontsumitzeko deskontuakaz.

Kanpaina berri honi esker, herritarrek bi bonu-mota izango dituzte eskuragarri: batetik, 20+10 modalitatea, non kontsumitzaileak 20 euro ordainduko ditu eta bonuaren balioa 30 eurokoa izango da; eta, bestetik, 10+5 bonuak, 10 euroko bonu bakoitzetik kontsumitzaileak 15 euro izango ditu kontsumitzeko. Hurrenez hurren, erosketaren gutxieneko zenbatekoa 30 eta 15 eurokoa izango da kasu bakoitzean.

Bonu horiek daborduko eskuragarri daude Leioako Udaleko webgunean eta urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira, kanpainari atxikitako Leioako edozein establezimendutan. Establezimendu bakoitzak gehienez bi bonu onartuko ditu faktura bakoitzeko, eta pertsona bakoitzak 120 euroko bonuak erosi ahal izango ditu.

Leioako Udalak 100.000 euroko aurrekontua bideratu du Leioa Indartu Bonoa ekimenerako eta udalerrian guztizko eragin ekonomikoa 300.000 eurokoa izango dela azpimarratu dute udal-iturriek.

Merkatariakaz "konpromiso irmoa"

Ekimenaren aurkezpenean, Iban Rodriguezek Leioako Udalak herriko merkatariakaz duen "konpromiso irmoa" azpimarratu zuen, "Leioako bizitzaren funtsezkoak dira, kalitatezko zerbitzuak eta produktuak eskaintzeaz gain, gure kaleak eta bizilagunen arteko harremanak dinamizatzen laguntzen dute". Rodriguezek herriko establezimenduetan arduraz kontsumitzeko deia ere egin zien herritarrei, "guztiaz gain, balio erantsia eskaintzen digutelako; hurbiltasuna; ezagutzen ditugu eta ezagutzen gaituzte, gu, gure familiak, gureak eta gure bizilagunak dira".

Halaber, Leioako alkateak adierazi zuen 60 establezimendu inguruk bat egin dutela kanpainagaz, eta gogorarazi zeun bat egin gura duten guztiek egin dezaketela, deialdiak irekita jarraitzen duelako, "zenbat eta gehiago izan hobeto, aukera bat delako herritarrek gure establezimenduen kalitatea, aniztasuna eta hurbiltasuna ezagutzeko".

Bestalde, Pedro Arceredillo Enplegu, Ekonomia Sustapen, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak Leioako merkataritzarako kanpainaren garrantzia baloratu zuen, eta aurten kanpainagaz batera datorren irudiak "leioaztarrek herrian aurki ditzaketen zerbitzuen aniztasuna eta aniztasuna erakutsi eta irudikatu nahi dituzten irudiak" erabiltzen dituela azaldu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun