Bihar, zapatua, 19:00etan hasiko da Bizkaiko Txakolina & Musika jaialdiaren laugarren edizioa. New Orleansko 20. eta 30. hamarkadako erritmoak ekarriko dituen Euskorleans Dixie Band taldea izango da jaialdiko lehen musika-taldea, eta iluntzean, 21:00etan, Janus Laster eta bere taldearen txanda izango da.
Musikak jotzen duen bitartean, jaialdiko gastrogunean Bizkaiko Txakolin zigilua duten hainbat edari dastatzeko aukera egongo da, baita antzinako txakolinetako ohiko sukaldaritza-sorkuntzetan inspiratutako pintxo eskaintza zabalaz gozatzeko ere.
Lehen dastaketa zapatuan egingo dute, 18:30ean. Iratxe Rementeria sommelierragaz eta Joserra Agiriano Idiazabalgo dastatzaileagaz batera Idiazabal gazta eta mota ezberdinetako lau txakolin ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Domekan, egitaraua 12:30ean hasiko da Aiko taldearen erromeria dantzagarriagaz. 14:30ean, DJ Estrella Electronicaren txanda izango da musikaz arduratuko dena. Bitartean, Mendibile jatetxeko eta Nerea Cuenco eta Jose Mari Agirre sommelierren arteko uztarketa harrigarriak dastatzeko aukera egongo da, 12:00etan eta 13:30ean, hurrenez hurren.
Jaialdian zehar gaztetxoek ondo pasatzeko aukera izan dezaten, txikigune bat ere egongo da ludoteka-zerbitzuagaz; zapatuan 18:30etik 20:30era egongo da eta domekan 12:00etatik 15:00etara.
Dastaketetan parte hartzeko izen-emateak Bizkaiko Txakolina webgunean egin daitezke eta bederatzi euroko prezioan.