Ertzaintzako agenteek, Leioako Udaltzaingoagaz lankidetzan, 18 eta 26 urteko bi gazte atxilotu zituzten aurreko barikuan, urriaren 6an, Leioan emakume bati indarkeriaz egindako lapurreta baten ustezko egile gisa.
Udal-iturriek zehaztu dutenez, barikuko 23:55ak inguruan, inplikatutako pertsona biak biktimari hurbildu zitzaizkion bide publikoan, eta esku batean zeraman telefono mugikorra lapurtzen saiatu ziren. Bi gizonezkoek biktima inguratu zuten, eta haietako bat mugikor bat kentzen saiatu zen. Biktima eta atxilotuak borrokan hasi ziren, baina biktimaren erresistentzia ikusita, biek ihes egin zuten beren helburua lortu gabe.
Emakumeak berehala eman zion Leioako Udaltzaingoari indarkeriaz egindako lapurreta-saiakeraren berri, eta bertaratutako udaltzainek emandako erantzun azkarrari esker, ustezko egileak aurkitu ahal izan zituzten, biktimak emandako deskribapenagaz bat zetozenak, herriko kale batetik presaka zihoazela.
Jarraian, Ertzaintzagaz koordinatuta, ustezko egileak non zeuden eta atxilotu egingo zituztela jakinarazi zuten, eta Ertzaintzaren bi patruila bertaratu ziren laguntza emateko. Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, biak atxilotu eta Erandioko ertzain-etxera eraman zituzten, zigor-eginbideen instrukzioa egiteko. Gainera, miaketan atxilotutako bati labana bat atzeman zioten. Labana motxila batean zeraman, eta biktimak ez zuen adierazi borrokan ikusi zuenik. Bi atxilotuak epailearen esku utzi zituzten zapatuan.