Aurreko aste-akabuan, Madrilen CNC Alcorcon taldearen aurka 12-7 galdu ostean, leioaztarrek denboraldiko lehen garaipena bilatuko dute bihar etxean. Taldearentzako erronka bat izango da, aurreko denboraldigaz alderatuta hainbat aldaketa egin baitituzte.
Azpimarragarria da Jon Lopezek berriz ere hartu duela emakumezkoen talde absolutuko gidaritza eta entrenatzaile moduan arituko dela denboraldi honetan. Lopezek aurreko denboraldi bietan entrenatzaile-lanetan aritu den Gorka Sanchezen lekua hartuko du.
Horrez gain, jokalarien artean ere hainbat aldaketa izan dira Leioa Waterpolon. Batetik, taldeak izan dituen bajak hauek izan dira: Garazi del Valle, Alaitz Ibarrola, Ane Arana, Erika López-Pastor, Dafne Bartolome eta Miren Urizar. Gainera, Ane Jaime, Marta Jaime eta Ane Garcia ezin izango dira ikastaroko partida guztietan egon, arrazoi akademikoengatik.
Bestetik, taldeak hiru leioaztar berreskuratuko ditu, hainbat proiektutan ibili ondoren: Aida Bartolome beteranoa etxera itzuli da 10 denboraldiren ostean, eta Garazi Capel eta Irati Cortijo gazteak AESEtik eta AEBetako abenturatik itzuli dira, hurrenez hurren.
"Erronka zoragarria"
Leioa Waterpolo egitura berrira egokitu beharko da aurreko denboraldietako mailari eutsi eta Lehen Mailako proiektuari eutsi gura badio, urtez urte horiek izan baitira taldearen helburu nagusietako bi.
Entrenatzaile leioaztarrak argi dauka taldearen helburua kategoria mantentzena izango dela, "horretan jarraitzea lortu behar dugu lehentasun nagusi gisa. Ea lehenbailehen lortzen dugun, jokalarien anbizioari erantzun ahal izateko", adierazi du. Era berean, entrenatzaileak denboraldiko erronkaren garrantzia ere nabarmendu du hainbat mailatan: "Erronka baten aurrean gaude taldearentzat, klubarentzat eta gure harrobiarentzat. Taldearen egituran aldaketa izugarriak egitera egokitu beharko zaigulako. Eta gure harrobiarentzat, gure waterpolo eskolako % 100eko plantillagaz probatuko dugulako. Erronka zoragarria da".
Altak eta bajak
Altak: Aida Bartolome (talderik gabe), Garazi Capel (AESE), Irati Cortijo (USA), Uxue Otsoa, Naroa Costantini eta Haizeder González (kanteranak).
Bajak: Garazi del Valle (Portugaleteko Nautika), Alaitz Ibarrola (Urbat), Ane Arana (CN Rubí), Erika Lopez-Pastor (s/e), Dafne Bartolome (s/e) eta Miren Urizar (Iruña 9802).
Jarraitzen dute: Ane Jaime, Marta Jaime, Uxue Hernandez, Ane Garcia, Goizalde Urkiola, Naroa Apraiz, Amaia Capel, Haizea Lopez eta Haizea García.