Egitaraua

Hainbat jarduera antolatuko dituzte Leioaren urteurrena ospatzeko

Ander Zarraga 2023ko urr. 23a, 18:09

Artatza jauregiak hartuko ditu urteurreneko eta Artatza Magikoa ikuskizuneko jarduerak.

Programazioa barikuan, urriaren 27an, hasiko dute Leioako Egunean Artatza jauregian egingo duten harreragaz; gainera, jauregia zabalik eta argiztapen bereziagaz egongo da urriaren 28an eta 29an eta azaroaren 4an eta 5ean. Horregaz batera, Musikalen hainbat musikarik udalerria dantzan jarriko dute eta sorpresaz eta misterioz betetako Arimen Gauak eta Artatza Magikoak borobilduko dute urteurrena.

Leioako Udalak 497 urte betetzen ditu aurten, eta urtemuga hori behar bezala ospatzeko, herritar guztientzako moduko kultur aisialdirako eskaintza antolatu du Udalak. Hasteko, aste-akabu honetan, urriaren 27tik 29ra bitartean, Leioaren Eguna ospatzeko ekitaldiak egingo dituzte. Halaber, hilaren 31ko Arimen Gauak eta Artatza jauregian azaroaren 3tik 5era bitartean egingo dituzten magia- eta ilusionismo-ikuskizunek osatuko dute egitaraua.

Gaur egin duten ekitaldiaren aurkezpenean, Iban Rodriguez Leioako alkateak azpimarratu du diseinatutako programazioa "pertsona guztientzat, familientzat, kuadrillentzat, txikienentzat eta nagusientzat pentsatua eta zuzendua" dagoela. "Gure helburua jai- eta ospakizun-giroa herriko txoko guztietara iristea da", gaineratu du udalburuak.

Leioaren Eguna

Udalerriaren 497. urteurren hau ospatzeko ekitaldiak barikuan, urriak 27, hasiko dituzte, Artatza jauregian egin ohi duten harreragaz. Udalak Leioako bizilagunentzat, kultur eta kirol elkarteentzat, ikastetxeentzat, gurasoen elkarteentzat eta enpresentzat, besteak beste, elkartzeko eta gizarteratzeko gune eta aukera izan dadin antolatzen duen ekitaldia da.

Urtero egin ohi duten aintzatespena demokrazia-garaiko Leioako Udalako lehen emakume zinegotziei egingo diete oraingoan: Maria Urdangarin Cortadi jeltzaleak eta Maria Pilar Cisneros eta Carmen Sequeros sozialistek jasoko dute aitortza. 

Alkateak adierazi duenez, "emakume erreferenteak dira, eta eskerrak eman behar dizkiegu erakutsitako ausardiagatik eta konpromisoagatik. Haiek estereotipo eta kristalezko sabai asko hautsi zituzten, eta eredu bihurtu ziren beste hainbat emakume politikarirentzat".

Era berean, Urriaren 28an eta 29an eta azaroaren 4an eta 5ean, galaz jantziko dute Artatza jauregia, eta herritarrei lorategiak irekiko dizkiete, kolorez eta kontrastez betetako argiztapen bereziaz goza dezaten. Zapatuetan, urriaren 28an eta azaroaren 4an, 18:00etatik 24 00etara egongo da zabalik eta domeketan, urriaren 29an eta azaroaren 5ean, 18:00etatik 22:00etara. 

Musikale

Kaleko musika ere protagonista izango da efemeride honen ospakizunean; izan ere, urriaren 29an, domekan, 13:00etatik 14:30era, Musikale Kale Musikarien Nazioarteko Topaketak jai-giroa ekarriko du herriko kaleetara. Egun horretan, Udondoko bulebarretik, Estartetxe kaletik, Sabino Aranatik, Txoperatik eta Pinuetatik musika talde ezberdinek musika ibiltaria eskainiko dute udalerriko kaleetan zehar.

Arimen Gaua

Aste-akabuko ekitaldien ostean, martitzenean, hilak 31, Arimen Gaua egingo dute herriko txikiak liluratuzeko. Txokolatada, pintxo-pote musikatua eta Gure Ohiturak Dantza ikuskizuna egongo dira egun horretan

Boulevarden ohiko txokolatadagaz hasiko dute gau beldurgarria 18:00etatik aurrera, eta, 19:30etik 22:00etara, Ibiltaria tabernako musikak girotuko du pintxo-potea Leioako establezimenduetan. Abiapuntua Elexalde eta Estartetxe arteko bidegurutzea izango da.

Gau magiko horri amaiera emateko, 22:30ean, gaueko ikuskizuna hasiko da Leioako Gure Ohiturak Dantzaren eskutik. Dantza tradizional eta garaikidean oinarritutako fusio-ikuskizuna egingo dute, non argiak eta soinuek Arimen gaua edo Gau Beltza tradizionalera eramaten ditu leioaztarrak.

Artatza Magikoa

Programazioak azaroaren 3tik 5era doan aste-akabuan jarraituko du. Egun horietan, Artatza jauregia magiaz, misterioz eta ametsez beteko baitute Artatza Magikoan. Horretarako, Gran Martel mago mitikoa lehen aldiz etorriko da Leioara, baina ez da bakarrik egongo, ilusionisten segizio bategaz etorriko baita.

Egunean bi emanaldi egingo dituzte, bakoitzean 100 lagunentzako edukieragaz: barikuan, 19:30ean eta 22:00etan;  zapatuan, 19:30ean eta 22:00etan eta domekan, 18:30ean eta 20:30ean. Ikuskizuna zortzi urtetik gorakoentzako izango da eta sarrerak salgai daude, bost eurotan, Kultur Leioako leihatilan eta BBKn.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun