Kiroldegiaren proiektuagaz aurrera jarraitzen du Udalak, SOS Kurkudik horren "inkoherentziak" salatzen dituen bitartean

Ander Zarraga 2023ko urr. 24a, 13:01

Urriaren 21ean, SOS Kurkudiko kideek elkarretaratzea egin zuten Sakoneta kiroldegiaren atarian. © SOS KURKUDI

Aurreko zapatuan, SOS Kurkudi plataformak deituta, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten Domingotarren komentu zaharrean egin gura duten kiroldegiaren proiektuaren aurka; izan ere, gobernu-taldeak egueneko Udalaren osoko bilkurara eramango du lur-eremu horren birkalifikazioa baimenduko duen HAPOren aldaketa puntuala.  

Leioako Udalak aurrerapauso erabakigarria emango du Domingotarren komentu zaharrean kiroldegi pribatu bat eraikitzeko egitasmoan. Eguenean, hilaren 26an, egingo duten Udalaren osoko bilkuran, EAJ eta PSE-EEren gobernu-taldeak Kurkudi mendiko lursail horiek birkalifikatzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa zehatza proposatuko du, eremua urbanizatzea baimentzeko.

"Espedienteak eta txosten teknikoak zein juridikoak aldaketa horren aldekoak dira, eta helburua zonalde hori garatuko duen proiektuan aurrera egitea da, orain erabiltzen ez den komentu zaharra biziberritu eta erabilera bat emateko", azaldu dute Leioako Udaleko iturriek, El Correo egunkariak jaso duenez.

Era berean, Udalak argudiatu du egitasmo horrek kirol-zerbitzu gehiago eskainiko dizkiela leioaztarrei, 100 lanpostu inguru sortuko dituela eta proiektuak ez duela birkalifikatuko den lursail guztia okupatuko. Gaineratu dute Udalak orubearen zati handi bat dohainik eskuratuko duela, "ingurumenaren ikuspegitik baliotsuena den 15.400 metro koadro inguruko lursaila", hain zuzen ere. "Horrela, inguruko berdeguneak mantenduko dira eta egungo basoa hedatzeko aukera ere egongo da. Ekimenak, gainera, paisaia-proiektu bat dakar beragaz".

"Erabaki zentzugabea eta ingurumenerako arriskutsua"

SOS Kurkudiko kideek kiroldegi probatua kokaleku horretan jartzearen aurka egiten jarraitzen dute, eta iragarritako 27.000 metro koadroren birkalifikazioaz ohartarazteko elkarretaratzea egin zuten aurreko zapatuan, hilaren 21ean, Sakoneta kiroldegian. Sare sozialen bidez salatu dutenez, Leioako Udaleko gobernu-taldeak "lur naturala galtzearen aurkako nazioarteko gomendioaren aurka joateko erantzukizuna hartuko du, Atutxa S.L. enpresaren neurrira egindako egitasmoa babesteko".

"Mendi baten gailurrean eta eskuinalde osoan kirol-zerbitzuen eskaintza handiena duen eremuan kirol-zentro bat justifikatu gura dute", deitoratu dute plataformako kideek, babestutako ingurumen naturalean horrelako egitasmo batek suposatzen duen "inkoherentzia" azpimarratzeko.

Era berean, proiektuaren eta politikarien diskurtsoen arteko kontraesanak ere azaleratu dituzte: "Bizikletak ondo daude, baina periferian Artea, Eroski, Mercadona... eta orain macrogimnasio bat eraikitzea ez dator bat mugikortasun jasangarri horregaz; izan ere, zentro horiek astean milaka joan-etorri eragiten dituzte udalerri barruan eta udalerrien artean, CO2 tonak isurtzen baitituzte".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun