Leioako Gazte Negulekuen programan izena emateko epea zabalik dago

Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 09:04
Leioako GAzte Negulekuen programan izen ematea azaroaren 16a baino lehen egin beharko da. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Gazte Negulekuak programaren edizio beri bat abiatuko du 2006 eta 2012 urteen artean jaiotako gazteentzat. Parte hartu gura dutenek daborduko izen eman dezakete azaroaren 16ra arte. Izapideak Leioako Udaleko egoitza elektronikoko lotura honen bitartez egin beharko dituzte, edo aurrez aurre, Gaztelubide kalean dagoen Leioako Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo Leioako Aterpe Gaztegunean, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19: 30era.

Gazte Negulekuak 2023ko abenduaren 26tik 29ra eta 2024ko urtarrilaren 2tik 5era egingo dituzte, 10:00etatik 14:00etara martitzenetik eguenera, eta barikuetan 10:00etatik 18:00etara. Programak Gabonetako oporretan txangoak eta jolas-, hezkuntza- eta kirol-jarduerak eskainiko dizkie herriko gazteei.

Udaleko iturriek azaldu dutenez, helburua aisialdi hezigarri eta osasungarrirako gune bat sortzea da, gazteek ondo pasa dezaten trebetasun desberdinak garatzen dituzten bitartean eta inguruko gazteakaz harremanetan dauden bitartean. Gaineratu dutenez, programa hau kontziliazio-aukera bat da udalerriko familientzat Gabonetako oporretan.

Parte-hartzaileen zerrenda azaroaren 20tik 22ra kontsultatu ahal izango da Leioa Gaztegunean. Jasotako eskabideak eskainitako plazak baino gehiago badira, zozketa publiko batean esleituko direla ere azaldu dute, azaroaren 23an, 11:00etan izango da hori. Azkenean, zozketa egin bada, itxaron-zerrendaren emaitzak eta ordena kontsultatu ahal izango dira Gaztegunean.

Plazen behin betiko formalizazioa Gaztegune Aterpe Leioan egingo da, azaroaren 24tik 30era. Horretarako, beharrezkoa eta nahitaezkoa izango da ordainagiria ematea edo bidaltzea. Halaber, Kultur Leioako Laguna txartela dutenek 30 euro ordaindu beharko dituzte eta ez dutenek 45 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun