Lau gizon atxilotu dituzte Leioan, Derioko kutxazain automatiko batean lapurtzen saiatzeagatik

Ander Zarraga 2023ko aza. 7a, 10:33

Leioako Udaltzaingoko agentak kontrol bat egiten, artxiboko argazkian. © LEIOAKO UDALA

Ertzaintzak eta Leioako Udaltzaingoak 47 eta 52 urte arteko lau gizon atxilotu zituen atzo goizaldean, Derion kutxazain automatiko batean indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzeagatik.

Gertaera atzo, astelehena, goizaldean jazo zen Derion, banketxe bateko alarma-zentralitatik hauteman zutenean herriko kutxazainetako batean lapurreta egiten ari zirela. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, segurtasun-kamerek bi pertsona grabatu zituzten rotaflex bategaz banketxeko kutxazain automatikoetako bat zabaldu nahian, baina alarma aktibatzean, pertsona susmagarriek alde egin zuten.

Horren berri izan ondoren, Ertzaintzako agenteek ihes egindako autoa atzemateko operazioa abiatu zuen inguruko udalerrietako udaltzaingoakaz batera. 

Segurtasun Sailak adierazi du Leioako Udaltzaingoak auto susmagarria geldiarazi zuela, eta bertan zihoazen lau bidariei jaisteko eskatu ziela ibilgailua miatu ahal izateko. Zehaztu dutenez, auto barruan agenteek diskoa oraindik beroa zuen rotaflex bat, bihurkin bat, palankaxka bat, eskularruak, ileordeak, kirol-oinetako pare batzuk, kasko bat, lexia pote bat, bi walkie-talkie, telefono mugikor bat eta ehizako sastakai bat aurkitu zituzten.

Gertaera oraindik ikertzen ari diren arren, Ertzaintzak Derioko kutxazain automatikoan egindako lapurreta-saiakeran lau pertsona horien inplikazioa egiaztatu zuen, eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituen.

Gaineratu dutenez, atxilotuek era horretako egitateakaz erlazionatutako polizia-aurrekariak dituzte eta atxilotu bezain laster Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten dagozkion polizia-eginbideakaz hasteko. Lau Atxilotuak daborduko agintaritza judizialaren eskuetan daude Getxoko Guardiako Epaitegian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun