Finaleko partiduez eta frontoian egongo den giroaz gozatzera jende asko hurbilduko dela aurreikusi du Eneko Uribek, txapelketa antolatzen duen Atxikiko Pilota Elkarteko kideak. Iragarri duenez, leioaztar gazte asko joan ohi dira finalak ikustera eta partidak girotzeko musika ere egongo da. Norgehiagokak bukatu ostean, sari-banaketa eta bertaratzen direnen artea mokadutxoa jateko asmoa ere dute.
Gaurko partidetan, alde batetik, emakumezkoen buruz buruzko finaletan Argarate eta Maddalen arituko dira 2. mailako finalean eta Ane txiki eta Maite dira 1. mailakoan. Bestetik, eskuzko lau eta erdiko txapelketari dagokionez, Urtzi eta Uriartek jokatuko dute 3. mailako UEFA txapelketa, Goitiak eta Jontak 2. mailako Konferenz lehiaketakoa eta Garaitak eta Uribek 1. mailako tzanpionza.
Aurreko txapelketetan eskupilotako 1. mailako txapeldunak aurten ez du parte hartu, beraz, aurten txapeldun berri baten bila ari direla azaldu du Uribek. "Gainera, aurten nesken kasuan ere lehenengo txapelketa izango da, eta eskuzko 2. eta 3. mailan ere lehen aldiz egingo ditugu txapelketak, beraz, berritasun asko izango ditugu aurten".
Atxikiko kideak orain arteko txapelketaren balorazio positiboa ere egin du, "irailaren erdialdetik aritu gara astero txapelketako partiduak jokatzen eta astean zehar ia egunero egon da partiduren bat programatuta, bai gizonezkoena baita emakumezkoena ere. "Giroa ere oso ona izan da, eta urtez urte gero eta parte-hartzaile gehiago daude", nabarmendu du. Gaineratu duenez, emakumezkoen kasuan eskualdean jokatzen den lehen buruz buruko pala txapelketa izan da, eta horri esker aukera gehiago sortzea espero dutela adierazi du.
Atxikikoek ez dute atsedenik hartuko eta Gabonetan eskuzko pilota txapelketa berri bat hasiko dutela ere iragarri du Uribek. "Neskek ez dakit oraindik erabakita duten txapelketa egitea, baina, printzipioz, martxoan binakako palakoa hasiko dute", aurreratu du.