Antzinako Greziatik, "caos" terminoa, erakusketaren izenburuaren hasieran dagoena, Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak, unibertsoaren jatorrizko egoeran zegoen desordenagaz lotzen da, eta, beraz, kosmosa sortu aurretik zegoen hutsuneagaz; bertan, materiaren eszenaratzeak artikulazio abstraktu eta informala zuen. Hortik abiatuta, unibertsoaren beraren antolamendua konfiguratu zuten askotariko egiturak eta izar-konposizioak sortu ziren, kosmosa finkatzeko. Hasieran hutsunea zen nagusi, baina unibertsoaren bilakaera hasierako nahasmenetik urrunduz joan zen ordenara bideratzeko, hau da, kaosetik kosmoserako igarobidea sortu zen, non elementu bakoitzak bere lekua eskuratu zuen, kausaren eta efektuaren legeari lotutako arrazoi baten pean.
Kaos hori María Alonso Paezen pinturan (Getxo, 1959) sinbolizatuta agertzen da, eta, era berean, entropiagaz lotzen du naturan dagoen desordena- eta nahasmen-maila aztertzean, bai eta termodinamikaren bigarren printzipioagaz ere, sistema bati datxekion nahasmenduan oinarrituta.
Jatorrizko kaos horretatik abiatuta, unibertsoak haztapenerantz eta orekarantz jo du, eta faktore horiek sinbolizatzen dituzte Gorka Gondraren lan abstraktu geometrikoek (Mungia, 1978) eta Victor Arrizabalagaren pieza organikoagoek (Mañaria, 1957), unibertsoan ezkutuan dauden sosegua eta egonkortasuna kokatzea ahalbidetzen duten proposamenen bidez.
Caos-cosmos printzipio biak bereizi ezinak dira; hori dela eta, kontzeptu-premisa horren pean biltzen dira hiru artisten proposamenak. Binomio alterno horren bidez adierazitako unibertsoaren indarrek izar-formak sortzea eragiten dute, eta, aldi berean, suntsitzea, eta energiaren sakabanaketa eta horren ondoriozko irudikapen informal eta kaotikoa sortzen da.
Hori, berriz ere, pintore getxotarraren paisaia sideralek bermatzen dute; azken batean, kaos berri batean desintegratzen diren sistema ordenatuak dira. Unibertsoaren eraikitze- eta suntsitze-ziklo hori bera sinbolikoki jasotzen da erakusketa-lagin honetan; izan ere, kaosetik ordenara eboluzionatzen da, berriro ere ordenarik gabe geratzeko eta espazioaren ziklo hori etengabe berrabiarazteko.
Eremu astronomikoetan zera ulertzen da: orientazio guztietan bideratzen diren gas-emanazio galaktikoak kaotikoak izan ohi dira hasieran; horregatik, Paezen margolanak prozesu hori bera erakusten du, eta, aldi berean, forma oro sortzen duen magma bezala azaltzen da, sistema bat domeinu mota konplexuago baterantz bultzatzen duen hitzaurrea sortuz.
Kaosak aukera ematen du ordena kosmiko berera igarotzeko, eta hori modu adierazgarrian bultzatzen dute Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren proposamenek. Autore horien estetika konformazio abstraktu batean oinarritzen da, aldaera geometriko eta organikoetan, hau da, berau osatzen duten sekzioen arteko egitura-sistemez osatutako lengoaia batean.