Egitaraua

Leioan dena dute prest urteko gaurik magikoena ospatzeko

Ander Zarraga 2023ko abe. 18a, 14:02

Leioako alkateak eta Olentzero eta Mari Domingik Gabonetako programazioa aurkeztu dute Elexaldeko errotan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak egitarau oparoa prestatu du Gabonetan familiek eta txikitxoek ederto pasatzeko aukera izan dezaten. Besteak beste, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, Errege Magoen harrera, Kanpanada txiki, ludoteka eta umeentzako aisialdi-tailerrak egongo dituztela iragarri dute gaur Elexalde errotan egin duten aurkezpenean.

Olentzero eta Mari Domingi aurreratu egin dira eta Leioan Gabonetarako prestatzen ari diren egitarau oparoa aurkeztu dute gaur goizean, Iban Rodriguez alkateagaz eta Estibaliz Bilbao Kultura zinegotziagaz batera. Elexalde errotan, alkatea eta Gabonetako bikote maitatuenak sasoi honetako ilusioaz berba egin dute eta bi mezu helarazi gura izan dizkiete umeei: batetik, jostailuek ez dutela generorik eta sexuak ez duela zehazten nork zegaz jolas dezakeen, eta, bestetik, herriko kale, plaza eta parkeetan lagunakaz jolastearen garrantzia gogorarazi gura izan diete.

Halaber, bisitan horretan, alkateak Gabonetarako Leioan prestatu dituzten aisialdirako eta dibertitzeko ekitaldi nabarmenenak ere zehaztu ditu. Era berean, ume leioaztarrei gogoratu die abenduaren 24ra arte utz ahal dituztela Olentzero eta Mari Domingirentzako gutunak Kultur Leioan, kiroldegian, Pinuetako Herritarrentzako Zerbitzuan, Lamiako, San Bartolome, Txomin Aresti, Artatza eta Altzagako ikastetxe publikoetan.

Bestalde, Errege Magoei zuzendutako gutunak abenduaren 27tik urtarrilaren 5era bitartean jasoko dituzte Kultur Gunean, Kiroldegian eta Pinuetako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan.

Aurten ere, Udalak Gabonetan Antzokira programaren aldeko apustua egingo du, txikienek, 3 eta 12 urte bitartekoek, eta haien familiek antzerkiaz goza dezaten. Hala, lau ikuskizun eskainiko ditu abenduaren 26tik 29ra bitartean, guztiak 18:00etan, Kultur Leioan. Horrez gain, Udal Kontserbatorioak eta Musika Eskolak Gabonetako hainbat entzunaldi eta kontzertu programatu dituzte.

Egitaraua:

Abenduak 18, astelehena

  • 17:00etan, gitarra entzutea, erabilera anitzeko aretoan.
  • 18:00etan, fagota entzutea, erabilera anitzeko aretoan.
  • 19:30ean, kontserbatorioko orkestraren Gabonetako kontzertua. Zuzendariak: Miguel Torres, Amaia Gutierrez. Kultur Leioan.

Abenduak 19, martitzena

  • 19:30ean, Hator-hator 2023 Doniene Abesbatza. Zuzendaria: Garbiñe Abendaño, S. Joan Bataiatzailearen elizan.
  • 19:30ean, Ganbera-musika, kontserbatorioko auditorioan.

Abenduak 20, eguaztena

  • 18:00etan, hari-instrumentuetako ikasleen emanaldia, kontserbatorioko auditorioan.
  • 20:00etan, Hator-hator 2023. Abesbatzen Tailerrak: Kantika Korala eta SanJuan Bautista Abesbatza. Zuzendariak: Basilio Astúlez eta Ana Camilo. S. Joan Bataiatzailearen elizan. 

Abenduak 21, eguena

  • 18:00etan, Gabonetako kontzertua, Moduluen Orkestragaz. Zuzendaria: Jone Miren Elorduy. Eroski La Avanzadan.
  • 19:30ean, Hator-hator 2023 Ganbera musika eta instrumentu taldeak, S. Joan Bataiatzailearen elizan.

Abenduak 22, barikua

  • 18:00etatik aurrera, Leioako Merkatarien Elkarteak bultzatutako ekimen batean gaztaina erreak banatuko dituzte doan, Boulevarden.
  • 19:30ean, Kantika Koralak Gabonetako kontzertua eskainiko du Arriaga Antzokian, Bilbon.

Abenduak 24, domeka

  • 17:00etan, Olentzero eta Mari Domingi Elexaldeko errotatik aterako dira. Boulevardetik joango dira, Estartetxe, Iparragirre, Errekalde plaza, Kultur Leioa eta Elexaldeko Errotara itzuliko dira, leioaztarrei harrera egiteko.
  • 17:30ean, Pinuetako Olentzero eta Mari Domingi Santa Eugenia plazatik aterako dira kalejira egiteko.
  • 17:30etan, Olentzerok eta Mari Domingik Lamiako auzoa bisitatuko dute. Metro-geltokitik aterako dira.
  • 18.00etan, Txorierrin kalejira egingo dute eta harrera 19:00etan izango da Baserrian. Eguraldi txarra egiten badu Txorierriko Umeen Elkartearen gelan batuko dira.

Abenduak 26, martitzena

  • 18:00etan, Gabonetan Antzokira: Kutxartean, Paraiso Antzokia, Kultur Leioan. 

Abenduak 27, eguaztena

  • 18:00etan, Gabonetan Antzokira: Pin Pang. Xabi Larrea, Kultur Leioan.

Abenduak 28, eguena

  • 18:00etan, Gabonetan Antzokira: Loti Ederrak. Glu Glu Producciones, Kultur Leioan

Abenduak 29, barikua

  • 18:00etan, Gabonetan Antzokira: Bo Jauna. Marie de Jongh, Kultur Leioan.

Abenduak 31,domeka

  • 11:30ean, Kanpanada Txiki egingo dute umeek ere urtea agurtu dezaten, Errekalde plazan.

Urtarrilaren 3tik, 5era

  • 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatiki 20:00etara, umeentzako aisialdiko programazioa Ludotekagaz, Kandelazubietan. 5ean, goizez bakarrik egingo dute. 
    Ludotekaren jarduerak 2 eta 5 urte bitarteko umeentzat pentsatuta daude, eta 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat tailerrak, bola-igerilekuak, puzgarriak, pintakarak, eskulanak, familia-jolasak eta kirol-gunea egongo dira, besteak beste. Saio bakoitzak (goizez edo arratsaldez) bi euroko kostua du eta interesa duten familiek jarduera hasi baino ordu erdi lehenago eman dezakete izena.

Urtarrilak 5, barikua

  • 18:00etatik 21:00etara, Errege Magoek harrera egingo diete umeei Kultur Leioan.
  • 18:00etatik 20:00etara, Errege Magoak Lamiakoko Nagusien Etxean egongo dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun