Lamiako eta Txorierri arteko igogailuaren egoera salatzeko auzotarrek gutun bat bidali diote alkateari

Ander Zarraga 2023ko abe. 19a, 11:52

Lamiako eta Txorierri auzoak lotzeko igogailua 2019ko urriaren 31n jarri zuten martxan. © LEIOAKO UDALA

Garai-Txorierri eta Lamiakoko erretiratuen elkarteek, Bifor Jai Batzordeagaz eta Txorierri eta Txou auzoetako bizilagunen elkarteakaz batera, gutun bat bidali diote Iban Rodriguez Leioako alkateari auzo horiek lotzen dituen igogailuaren egoera txarrak eragiten dien ezinegonaren berri emateko. Halaber, sinadura-bilketa ere ari dira egiten zerbitzuaren egoera salatzeko.

Udalburuari bidalitako gutunean zera deitoratu dute bizilagunek: "Auzo hauentzat hain beharrezkoa den zerbitzu hau egoera penagarrian dago, denbora gehiago ematen du matxuratuta, zerbitzua ematen baino. Egunero gertatzen dira matxurak". Azaldu dutenez, ulertzen dute arazo teknikoak egon daitezkeela, baina beraien aburuz, "mantentze-lan teknikoak eskasak dira, ez dago garbiketa-zerbitzurik eta zaintza oso urria da, deus ez dela esateagatik".

Ohartarazi dutenez, igogailua motorrak, bizikletak, txakurrak edo orgak garraiatzeko erabiltzen dute askok, eta horrek zerbitzuaren erabilera desegokia eragiten duela uste dute askok. Gauzak horrela Udalari eskatu diote igogailuaren erabilera arautzea, eta zaintza- eta garbitze-lanak hobetzea. Horretarako, sinadura-bilketa ere abiatu zuten abenduaren 1ean, Martin tabernan.

Argitu dutenez, ez dakite Udalak zuzenean zerbitzua kudeatzen duen edo enpresa bat dagoen horren atzean, baina hala izatekotan, "enpresa arduraduna estutu beharko litzateke, arazo horiek konpon ditzan, Udalaren erantzukizuna izan aurretik", adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun