Leioako emakume kirolariak izango dira 2024ko udal-egutegiko protagonistak

Erredakzioa 2023ko abe. 20a, 18:19

Kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ikustaraztea eta sentsibilizatzea helburu duen egutegia eskuragarri egongo da Udalaren eta Gaztelubideren HAZen, Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, Kultur Leioan, LAKET Jabekuntza Eskolan eta udal euskaltegian.

Leioako Udalak 2024ko egutegia emakume kirolariei eskainiko die, kirolaren eta jarduera fisikoaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aurrera egiten jarraitzeko beharraz sentsibilizatzeko helburuagaz. Azaldu dutenez, ekimen horregaz, gainera, beste emakume batzuk kirola egiten hastera edo jarraitzera animatzen dituzten emakume erreferenteak sortzen lagundu gura du, eta herriko emakume kirolari guztiei errekonozimendu eta omenaldi txiki bat egiteko ere baliatu dute.

Hilabete bakoitzean Leioako neska edo emakume bat da horren protagonista, baita garatzen duen kirol-modalitatea ere. Hauek dira egutegian azaltzen diren emakumeen izenak eta bakoitzari dagokion taldea:

  • Aida Bartolomé Ortuñez, Waterpoloko Leioa Igeri Taldea.
  • Leire Menoyo García, Leioako Altzaga Xake Kirol Elkartea.
  • Joane de Paz Rivas, Sakoneta Gimnasia erritmiko taldea.
  • Garazi Rementeria Gañán, Hartzak Euskal Pilota Taldea.
  • Nerea Caballero Remón, Torresolo Padel Club.
  • Izaro Castrillo Basterretxea, Leioako Emakumeak Sarriena Futbol Kirol Elkartea.
  • Arantza Sarro Cebrian, Leioa Judo Taldea.
  • Maitena Vega Silvano, Irlandesas Baloncesto kirol taldea.
  • June López Díez, Bioracer Aurubis txirrindulari taldea.
  • Naiara Rodriguez Rodriguez, Leioako Saski Baloi Taldea.
  • Irati Prior Lopategui, Leioa Irabaki FST.
  • Raquel Velasco Abasolo, 3 kg-ko pisu-jaurtiketetan eta 1 kg-ko diskoan espezializatutako leioar atleta. Euskadiko txapelduna 1966an.

Leioako Udalak, Berdintasun arloaren bidez, 2.500 mahaiko egutegi eta 500 hormako ale argitaratu ditu. Bihartik aurrera, abenduak 21, doan izango dira herritarren eskura, Udalaren eta Gaztelubideren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, Kultur Leioan, LAKET Jabekuntza Eskolan eta udal euskaltegian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun