Leioako Kantika Koralak "Dizdizka zeruan" Gabonetako kontzertua eskainiko du bihar Arriaga antzokian

Ander Zarraga 2023ko abe. 21a, 13:33

Leioa Kantika Koralaren kontzertua 19:30ean hasiko da. © ARRIAGA ANTZOKIA

Leioako umeen abesbatza ospetsuak Gabonetako emanaldi berezia egingo du bihar, abenduak 22, Bilbon. Kantikak bere ohiko kolore eta dinamismo ikusgarriagaz beteko du antzokia, eta hainbat sorpresa iragarri dituzte, baita orain arte entzun gabeko konposizioak ere.

Basilio Astulez Kantikako zuzendariak Bilbo Hiria Irratiari azaldu dionez, "artistentzat Arriaga antzokian aritzea beti izaten da berezia, beraz, lan gogorra egiten gaude, ilusioz eta egunaren zain". Zuzendariak aurreratu duenez, "ez da kontzertu tradizional bat izango, sorpresaz eta umorez beteta egongo den emanaldia izango da". 

Astulezek azaldu duenez, Dizdizka zeruan Kantikarentzat Donostiako Eva Ugalde konpositoreak idatzitako kanta baten izenburua da, beraz hori ere ez dute ausaz aukeratu. "Horrek zabalduko digu atea bereziki taldearentzat idatziak izan diren zenbait gabon-kantu plazaratzeko eta abesteko, beraz, betiko kantak agertuko dira, baina guretzat bereziki idatzitako beste hainbat kantu ere eskainiko ditugu, eta lehenengo aldiz entzun ahal izango diren hiru pieza ere izango dira programan", iragarri du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun