Enplegagarritasuna eta ekintzailetza sustatzeko zortzi ikastaro eskainiko dituzte langabezian dauden leioaztarrentzako

Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 11:45

Besteak beste, eguzki-instalazio fotovoltaikoen instalazioari buruzko oinarrizko ezagutza eskainiko dute.

Ikastaroetan izena emateko epea 2024ko urtarrilaren 2an irekiko dute, Behargintza Leioako Udalaren webgunearen bitartez. Guztira, 135 plaza izango dituzten zortzi prestakuntza ikastaroak 2024ko urtarrilaren amaiera eta uztailera bitartean egingo dituzte.

Leioako Udalak langabezian dauden pertsonentzako hainbat eremutako zortzi prestakuntza-ikastaro antolatuko ditu 135 plazagaz. Udaleko iturriek azaldu dutenez, horien helburua da herriko langabeen prestakuntza eta kualifikazioa hobetzea eta pertsona horien ekintzailetza sustatzea.

Ikastaroetan izena emateko epea datorren martitzenean irekiko dute, 2024ko urtarrilaren 2an, eta www.behargintza.net web orriaren bidez egin beharko da.

Hauek dira eskainiko dituzten ikastaroak: 

  • GIS eta GRASS: ingeniaritza edo biologia bezalako arloetako lan teknikoak egin gura dituzten pertsonei ez ezik, profil administratiboagoa duten pertsonei ere zuzendutako prestakuntza, enplegu-bilaketa enpresa mota horietara zabaldu ahal izan dezaten. Ikastaroa urtarrilaren 24an hasi eta otsailaren 2an amaituko da, 40 orduko iraupena izango du eta 11 plaza eskainiko dituzte.
  • Enpresa sorkuntza eta kudeaketa: norberaren konturako lan-jarduera bat hasi gura dutenentzat eta ekintzailetza-trebetasunak landu gura dituztenentzat pentsatua. Negozio ideia hobeto aztertzea, merkataritza-baliabideak optimizatzea eta proiektua merkatuaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera baloratzea ahalbidetuko du. Bi ikastaro izango dira: lehena otsailaren 19an hasiko da eta otsailaren 29ra arte iraungo du. Bigarrena uztailaren 1etik 10era izango da. Kasu bietan 35 ikastordu emango dira eta 40 plaza daude eskuragarri, 20 plaza bakoitzeko. Ikastaro honetan izena emateko, beharrezkoa da aldez aurretik ekintzailetzaren arloko udal-teknikariakaz egotea, negozio-ideiaren garapen-maila zehazteko. •
  • Azazkalen oinarrizko zainketa estetikoak: jarduera honetan aldez aurreko prestakuntza formalik ez duten eta estetikaren arlo horretan oinarrizko ezagutzak eskuratu gura dituzten pertsonentzat diseinatua. Ikastaro honek 60 orduko prestakuntza izango du eta otsailaren 5etik 23ra bitartean banatuko dira. 16 plaza eskaintzen dira.
  • Autokontsumoko eguzki-instalazio fotovoltaikoetako teknikaria: kontsumo elektrikoari, eguzki-instalazio baten kokapenari eta horien ezaugarriei eta errendimenduari buruzko oinarrizko ezagutzak eskaintzen ditu, besteak beste. Energia berriztagarrien sektorean lan egin gura dutenei zuzenduta dago. Ahal dela, gutxieneko prestakuntza teknikoa dutenentzat pentsatuta dago, energia berriztagarrien arloan esperientzia izan edo ez. Kasu honetan, prestakuntza ez da martxoaren 4ra arte hasiko eta martxoaren 29an amaituko da, 60 ikastordu dira eta 16 plaza daude eskuragarri.
  • Nominak, kontratuak eta aseguru sozialak: arlo administratiboan prestakuntza duten eta arlo horretako ezagutza profesionalak zabaldu gura dituzten pertsonei zuzenduta. Ikastaroa 18 urtetik gorakoentzat da, apirilaren 15ean hasiko da eta 60 orduko iraupenagaz hilabete horretako 30ean amaituko da. 16 plaza daude.
  • Orga eta transpaleta erabiltzeko baimena eta eta biltegiaren kudeaketa: ikastaro horregaz orga eta transpaleta erabiltzeko baimena lortzeaz gain, biltegi bat kudeatzeko eta produktuak birjartzeko eta antolatzeko oinarrizko ezagutzak ikasiko dituzte. Lan-merkatura sartzeko eskorga edo transpaleta bat segurtasunez erabiltzeko gaitasunak ziurtatu gura dituztenei zuzentzen zaie. Prestakuntza maiatzaren 6an eta 15ean hasiko da, 60 ordu dira eta 20 plaza daude.
  • Zainketa aringarriak: ikastaro horren helburua da gaixotasun terminalak dituzten pertsonei arreta emateko prestakuntza espezializatua eskuratzea, baita sintomatologia identifikatzeko, osasun-egoeran aldaketak detektatzeko eta konplikazioak prebenitzeko ere. Ekainaren 3an hasi eta ekainaren 12an amaituko da. Ikastaroaren iraupena 40 ordukoa da. 16 plaza daude.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun