Olentzerok eta Mari Domingik Leioa utzi dute hurrengo urtera arte, baina Leioako Udalak Gabonetan herriko gaztetxoentzako prestatu duen egitarauak aurrera jarraitzen du. Hala, umeak zango dira urtea agurtzen lehenak domekan, abenduaren 31n, egingo duten Kanpanada Txikin. Egun horretan, 11:30ean, familian ederto pasatzeko hitzordua egingo dute.
Urte berriagaz batera, haur eta familientzako ludoteka eta tailerrak ere egingo dituzte urtarrilaren 3tik 5era bitartean, Kandelazubietan. Goizetan, 11:00etatik 14:00etara egongo dira, eta, arratsaldeetan, 17:00etatik 20:00etara; urtarrilaren 5ean goizez bakarrik egingo dituzte ekintzak.
Ludotekaren jarduerak 2 eta 5 urte bitarteko txikientzat pentsatuta antolatuko dituzte, aldiz, tailerrak 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako izango dira; bola-igerilekuak, puzgarriak, pintakarak, eskulanak, familia- eta kirol-jolasak egongo dira, besteak beste. Saio bakoitzak, goizez edo arratsaldez, bi euroko kostua izango du eta interesa duten familiek jarduera hasi baino ordu erdi lehenago eman dezakete izena lekua bermatzeko.
Errege Magoen etorrera
Ekialdeko Errege Magoek ere ez dute hutsik egingo Leioako urteroko hitzorduan. Gainera, oraindik denbora dago beraiei zuzendutako gutunak Kultur Leioan, Kiroldegian eta Pinuetako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan uzteko, urtarrilaren 5ean itxiko baitute epea.
Azkenik, urtarrilaren 5ean, barikuan, 18:00etatik aurrera Errege Magoek umeei harrera egingo diete Kultur Leioan, eta, beraien magiak lagunduta, Lamiakoko Jubilatuen Etxean ere egongo dira ordu berean.
Gabonetan Antzerkira
Era berean, Udaleko iturriek gogoratu dute Gabonetako jardueren eta ekitaldien programaren barruan Gabonetan Antzokira ekimenak ere martxan jarraitzen duela, 3 eta 12 urte bitarteko txikienek eta haien familiek antzerkiaz goza dezaten.
Azaldu dutenez, orain arte proposamenak izan duen harrera "arrakastatsua izan da", egindako antzezlanek Kultur Leioako audotioa bete baitute. Daborduko ikuskizun bi eskaini dituzte: Kutxartean eta Pin Pang, aurreko martitzenean eta eguaztenean egin zituzten, hurrenez hurre. Gaur, abenduak 28, Loti Ederrak eskainiko dute, eta Bo Jauna obraren estreinaldia izango da bihar, abenduak 29, barikuan; antzerki guztien hasiera 18:00etarako egon da programatuta.