Langabezian dauden 16 leioaztar kontratatuko dituzte Tokiko Enplegu Planari esker

Erredakzioa 2023ko abe. 29a, 13:47

Planean sartzeko izapideak Lanbideren bitartez egingo dituzte. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak langabezian dauden 16 pertsona kontratatuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuagaz lankidetzan. Kontratuak 2024ko urtarriletik ekainera bitartekoak izango dira eta hainbat lanpostu ezberdin betetzeko balioko dute.

Programa honen helburua, enplegurik ez duten pertsonen egoera ekonomikoa arintzeaz gain, ikaskuntzaren eta esperientzia hartzearen bidez, leioaztarrak enplegatzeko eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzea eta erraztea dela azaldu dute Udaleko iturriek.

kontratatu dituzten artean, zortzik auzoko Laguntzaileak proiektuan parte hartuko dute, besteak beste, informazioa eta aholkularitza emateko eta kaleak, plazak eta parkeak zaintzeko, udalerria gozatzeko baldintza egokietan egon dadin helburua duen proiektuan, hain zuzen ere.

Halaber, taldeko koordinatzaile bat egongo da, beste lau laguntzaileak izango dira, kalean bertan eta herritarrakaz egongo dira, eta antzematen diren gorabeherak ahalik eta azkarren, bizkorren eta efizienteen konpon daitezen, hiru margolari ere kontratatuko diuzte.

Kontratatutako gainerako zortzi pertsonek eremu desberdinetan egingo dituzte beren lanak: tokiko merkataritza dinamizatzeko lanak egingo dituen pertsona bat egongo da, turismoa sustatzeko beste bat, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen autonomia eta ahalduntzea bultzatzeko laguntza emango duten bi pertsona egongo dira, herritarren parte-hartzearen arloan ere pertsona bat kontratatuko dute, beste bat euskara dinamizatzeko, eta, azkenik, informazio geografikoko sistemetan aditua den pertsona bat ere egongo da.

Lan-kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute, hau da, 2024ko urtarriletik ekainera bitartean iraungo dute. Era berean, Tokiko Enplegu Planean sartzeko, Lanbidek baldintza hauek ezartzen ditu: pertsona kontratatuko den udalerrian erroldatuta egotea, langabezian egotea eta programa honen aurreko deialdian parte hartu ez izana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun