Gazte leioaztarren proiektuaren helburua da kultura anitzeko gune bat sortzea, Leioan kulturen arteko errespetua eta ulermena sustatzeko, aurreiritziakaz amaitzen eta komunitate-harremanak sendotzen laguntzeko, pertsonen ezagutza-trukearen bidez. Bere ideia herritarrek aukeratu dute beste 23 proposamenen artean, Ekin udal-berrikuntza eta partaidetza programaren bitartez. Hemendik aurrera, Leioako Udalak eta herritarrek elkarregaz lan egingo dute Kulturarteko Ikaskuntza Komunitatea garatzeko.
Suarezek bere aurkezpenean azaldu duenez, proiektuaren abiapuntua da Leioako gizartearen aniztasuna aukera bat dela kulturartekotasunean ardaztutako ikaskuntza- eta partaidetza-komunitate bat abian jartzeko. Horretan, leioaztarrek eta herrian lan egiten duten, ikasten duten edo dauden pertsonek dakitena partekatuko dute musika- eta arte-tailer kulturaletan, migratzaileen migrazio-prozesuari buruzko bizi-testigantzetan, film edo solasaldi literarioak ikusteko gune bat sortuz, besteak beste.
Lankidetza eta berrikuntza
Herritarren proposamenak aurkezteko, horiek hautatzeko eta Udalaren eta bizilagunen artean lankidetzan garatzeko Ekin izeneko prozesua, Herrigune Leioaren proiektuan jasotako herritarren partaidetzarako, erantzunkidetasunerako eta berrikuntzarako programa da, hain zuzen ere, leioaztarrek proposatutako ekimenak garatzen laguntzeko.
Azaldu dutenez, Leioako Udalak Ekin egitasmoagaz duen erronka "eraikitzea eta aurrera egitea da, herritarren beharrak entzunez, erantzun eraginkorra, koordinatua eta bateratua emanez, guztiontzako Leioa bat eraikiz, guztion parte-hartzearekin".