Leioako kirolarien eta kluben lana aitortzeko gala egingo dute eguenean

Erredakzioa 2024ko urt. 15a, 14:54

Iaz hil zen Juan Ramon Rodriguez Leioa Saskibaloi taldeko presidenteak jasoko du Ohorezko Saria.

Leioako Udalak bost sari banatuko ditu beren lorpenengatik nabarmendu diren kirolari edo kirol-taldeen artean: ohorezko saria, kirolaririk onena, talderik onena, kirol ibilbidea eta kirol sustatzailea. Horrez gain, herriko 25 taldek eta erakundek aitorpena jasoko dute kirola sustatzeagatik. Ekitaldia eguenean egingo dute, hilak 18, 19:00etan Kultur Leioako auditoriumean.

Leioako Udalak lehendabiziz kirol gala antolatuko du datorren eguenean. Udal-iturriek adierazi dutenez, ekitaldiak helburu bikoitza du: batetik, kirol-lorpenengatik nabarmendu diren kirolariak eta klubak saritzea, eta, bestetik, 25 kirol-entitateek "herriko kirol-jarduera osasungarriari egindako ekarpena eta egindako lana” goraipatzea.

Aurreratu dutenez, Iban Rodriguez Leioako alkatea buru izango duen ekitaldian bost sari banatuko dituzte, horien artean, ohorezko Saria emango diote iaz hil zen Juan Ramon Rodriguez Leioa Saskibaloiko presidenteari. 1990ean, Leioa Saski Baloi Taldearen aitzindari eta sortzaileetako bat izan zen, eta 30 urtez izan zuen presidente. "Bere konpromisoak, bere dedikazioak eta klub honen buru gisa egindako lan handiak aukera eman die leioaztarrei kirol hau praktikatzeko eta gozatzeko", adierazi dute Udaleko iturriek.

Sarituak

Horregaz batera, beste lau sari banatuko dituzte eguenean. Kirolaririk onenaren saria jasoko du Irristaketa Leioa Taldeko Ane Puccinik, aurreko urtean Patinaje Artistikoko Txapelketan lortutako arrakastengatik aintzatespen gisa. Lorpen horri beste batzuk ere gehitu behar zaizkio, hala nola Bilbo Hiria V. Trofeoan, Noaingo Arcos III. Torneoan edo Leioako Udaletxearen XI. Sarian lortutako lehen postuak, Nafarroako Kopan eta Langreo Hiria Sarian lortutako hirugarren postuez gain.

Aldiz, Club Sakoneta Gimnasia Erritmo Taldearentzat izango da talderik onenaren saria. Naroa Ribeiro, Araia Salazar, Eneko Lambea, June Orza eta Julene Erañak osatutako taldeak garaipena lortu zuen iaz senior mailako Espainiako Txapelketan eta baita Espainiako Kopan ere. Arrakasta horiez gain, lehen kategoria berreskuratzea ere lortu dute.

Kirol ibilbideari saria Kirol Zaleak elkarteari emango diote, Jose Luis Bilbaok, Guillermo Bilbaok eta Jesus Bastidak jasoko dute saria, 40 urtez Leioan ez ezik, Bizkaia osoan ere herri kirolak sustatzen eman duten lanagatik. Kirol Zaleak taldeak 1970ean ekin zion bere ibilbideari Leioan, harri-jasotzaileen eskola bategaz, eta harrezkero, euskal herri-kirolen modalitate desberdinak sustatu ditu. Beren ibilbidean zehar, besteak beste, Holandan egin ziren Europako txapelketetan brontzezko domina lortu zuten sokatira taldeak bultzatu dituzte.

Azkenik, kirola sustatzeagatik Irabaki ere izango da saritua, 20 urtetako ibilbidean oinarrizko kategorietan eta emakumezkoen kirolean kirola bultzatzeagatik. 

Epaimahaia Estibaliz Bilbao Kultura eta Kirol zinegotziak eta udal langileek osatu dute. Leioako kirol erakundeek egindako proposamenen artean aukeratu dituzte sarituak.

Aintzatespenak

Leioako Kirolaren lehen Gala honetan, Udalak bere ibilbidean edo azken urteetan nabarmendu direnen kirol-lorpenak ez ezik, herriko 25 kirol entitateek egiten duten lana eta egiten duten ekarpena, "Leioa kirol eskaintza zabala eta osasungarria duen udalerria izateagatik " ere aintzatetsi gura ditu.

Hala, sariak banatu aurretik, kirol arloko leioaztar erakunde guztiek esker ona jasoko dute Udalaren eskutik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun