Leioako Santa Ageda Kantuen XXXIII. Lehiaketaren deialdia egin dute

Erredakzioa 2024ko urt. 19a, 17:20

Leioako Udalak Santa Ageda Kantuen XXXIII. Lehiaketa antolatuko du aurten. © LEIOAKO UDALA

Ohiko deialdia otsailaren 4ko goizean izango da, udalerriko auzoetan zehar. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da urtarrilaren 26a baino lehen; aurrez aurre Kultur Leioako harrera, infokultur@leioa.eus helbide elektronikoan edo 646 072 570 telefono-zenbakira deituz egin daiteke izen-ematea.

Leioako Udalak bi kategoria ezarri ditu aurtengo Santa Agedako lehiaketarako: 16 urtera arte eta 16 urtetik aurrera. Abesbatzak gutxienez 12 lagunek osatu beharko dituzte eta ahotsez eta instrumentuz osatuta egon daitezke.

Bost emanaldi-eremu markatu dituzte, abesbatza bakoitzak nahiago duena aukeratu dezan: Lamiakon, Jubilatuen Etxea, Txopoeta, Txorierri eta Langileria. Pinueta-Ibaiondon, Pinueta Kulturgunea, Cervantes plaza, beirazko haizegilearen estatuaren ingurua eta Ibaiondo. Hirigunean, Ikea plaza, San Juan auzoa, Euskal Etxeen Plaza eta Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazak. San Bartolome, Basaez eta Artatzaganan Artatza, Negurigana, Ermita eta Artatzagana plaza. Kandelazubieta-Udondon, Kandelazubieta eta Udondo Boulevard.

Abesbatza bakoitzak aukeratutako eremuan eta antolakuntzak markatutako puntuetan jardun beharko du, baina beste leku batzuetan ere abestu ahal izango du, bai bere eremuan, bai besteetan ere. Era berean, abesbatza bakoitzak ordu bat izango du emanaldia emateko adierazitako puntuetako batean.

Epaimahaia eta sariak

Balorazioan, epaimahaiak kontuan hartuko ditu ahotsen enpastea, perkusioaren erritmika, bokalizazioa, bakarlarien existentzia, ahotsen ñabardurak, taldearen azken sentsazioa, jantziak, edo sexu eta adin desberdineko pertsonen parte-hartzea, besteak beste.

Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dituzte: lehena, 400 eurokoa, garaikurra eta diploma; bigarrena, 300 eurokoa, garaikurra eta diploma; eta, azkenik, hirugarrena, 200 eurokoa, garaikurra eta diploma. Sari banaketa otsailaren 10ean, zapatuan, izango da, 12:00etan, Kultur Leioako Erakusketa Aretoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun