Leioako Udalak antolatzen duen ekimen hau martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko diseinatutako programazioaren parte dela zehaztu dute. Azaldu dutenez, horren helburua da emakumeek gizartean parte hartzeko eta pertsona gisa garatzeko, gizonarekiko berdintasunean, egiten duten borroka eta aldarrikapena ikusaraztea.
Martxa 11:00etan abiatuko da Errekalde plazatik, eta herrian zehar hiru kilometroko ibilbidea egingo du. Horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea; horretarako epea irekita egongo da otsailaren 23ra arte, eta izen-ematea Udaleko eta Gaztelubideko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan edo Kultur Leioan egin daiteke.
Ohikoa den bezala, izena emango duten pertsonek doan jaso ahal izango dituzte Udalak diseinatutako kamisetak, martxoaren 6, 7 eta 8an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Kultur Leioan.
Halaber, M8rako programazioan, Udalak hiru prestakuntza-saio aurreikusi ditu, eta horietan parte hartzeko aldez aurretik ere izena eman beharko da baita. Hitzaldiak hainbat eremugaz lotuta egongo dira, betiere ikuspegi feminista batetik.
Batetik, lehenengo bi hitzaldiak Leioako Emakumeen Jabekuntza Eskolan (LAKET) izango dira. Horietara joateko izen-ematea laket@leioa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita egin beharko da. Zehaztu dutenez, haurtzaindegi-zerbitzua izango dute, aldez aurretik eskatuta. Hauek dira bertan egingo dituzten berbaldiak: martxoaren 6an, 18:00etan, Pornoa deseraikitzen, eta martxoaren 11n, 18:00etan, Desmadrad@s, la maternidad desde el feminismo.
Bestetik, hirugarren hitzaldia Kultur Leioako prentsa aretoan izango da, baina horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, bakarrik haurtzaindegi-zerbitzua eskatu behar da berdintasuna@leioa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Hauek dira egingo dituzten berbaldiak: martxoaren 13an, 18:00etan, Nola prebenitu eta antzeman indarkeria matxista adin gazteenetatik.
Udalak iragarri du datozen asteetan aurkeztuko duela Emakumeen Nazioarteko Egunerako aurreikusita dagoen programazioa osoa.