Leioako Udalak Aurrekontu Irekiak programaren edizio berri bat jarri du martxan

Erredakzioa 2024ko ots. 9a, 10:43

Ideien ideiak batzeko lehen fasea hilaren 13tik 27ra egingo dute. © LEIOAKO UDALA

Otsailaren 13tik 27ra bitartean herritarrek ideiak batuko dituzte, eta. horietatik teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean aukeratu beharko dute 2025eko uda-aurrekontuetan sartzeko. Zeregin horretarako Udalak milioi bat euro bideratuko ditu: 800.000 euro herritarren ideientzako eta 200.000 euro Leioako Umeen Kontseiluaren bidez azaltzen diren ideientzako.

Otsailaren 13tik 27ra bitartean, leioaztarrek proposamenak helarazi ahal izango dizkiote Udalari, udal-eraikinetan eta bide publikoetan jarriko dituzten postontzietan, kalean jarriko diren karpetan edo leioazabalik.leioa.net udal-webgunearen bidez.

Lehen fase honetan, herritarren ideiak jaso eta interes orokorrekoak direnak lehenetsiko dituzte, bai eta ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak direnak ere. Parte hartzeko beharrezkoa izango da Leioan erroldatuta egotea eta 16 urte edo gehiago izatea.

Bigarren fasean, herritarrek udalerriarentzat interesgarrienak diren ideiak bozkatuko dituzte, eta hautatutakoak 2025eko Udal Aurrekontuetan sartuko dituzte.

Horretarako, Leioako Udalak milioi bat euro inbertituko ditu Aurrekontu Irekietan: 800.000 euro herritarren ideietarako, oro har, eta beste 200.000 euro adingabeek Leioako Haurren Kontseiluaren bidez dituzten ideietarako. 

Bosgarren edizioa

Aurrekontu Irekien bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta Udalak leioaztarren benetako parte-hartzea ahalbidetzen duten kanal eta tresnak sustatzeko duen apustuaren eta konpromisoaren beste adibide bat direla azpimarratu dute udal-iturriek. Zentzu horretan, Udalaren helburua da Leioan aurrera egiten eta hobetzen jarraitzea, "herritar guztien partaidetzarekin eta laguntzarekin".

Aurrekontu Irekiak 2023-2027 Agintaldi Planean planteatutako helburuetako bat da, zehazki, Leioa Bizigarriaren eremuan eta Gobernantza eta Gardentasunaren erronkan.

Karpak eta postontziak

Udaleko arduradunek azaldu dute Leioako herritarrek triptiko bat jasoko dutela etxean, prozesuari buruzko informazio guztiagaz eta parte hartzeko bete behar duten fitxagaz. Bertan, ideia azaltzeko lekua izango dute, eta proposamena modu bisualagoan deskribatzen duten irudiak erantsi ahal izango dituzte.

Informazioa eta formularioa Udalaren leioazabalik.leioa.net webgunean ere egongo dira eskuragarri, eta webgune horren bidez edo modu presentzialean helaraz dakioke Udalari, otsailaren 15, 20 eta 22an Leioako hainbat gunetan kokatuko dituzten karpetan edo ideiak biltzeko prozesuak irauten duen bitartean bide publikoko hainbat puntutan jarriko dituzten postontzietan utziz.

Proposamenak jasotzeko prozesu osoan zehar gune hauetan jarriko ditzute postontziak: Pinuetako Jubilatuen Etxean, Txorierriko Jubilatuen Etxean, Gaztelubideko Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (HAZ), Udalaean (Udaltzaingoaren sarrera), Sakonetako kiroldegian, San Bartolomeko kulturgunean, Lamiakoko metro-geltokian, Udondoko bulebarrean (Ikaztegu aparkalekua), Ikea mendiko igogailuan, Mendibilerako pasabiderako sarbidean, Artatzagako Bordele parkean, Kultur Leioan, Estartetxe kaleko haurrentzako jolasen ondoan, Maiatzaren Bata kalean eta Iparragirre hiribidean, Euskaltegiaren parean.

Gainera, otsailaren 15ean, 20an eta 22an informazio-karpak ere jarriko dituzte, eta horietan ere parte hartzeko formularioa bete eta utzi ahal izango da, Leioarako hobekuntza-ideia edo -proposamenakaz. Data eta gune hauetan jarriko dute informazio-karpa: otsailaren 15ean, Agirre Lehendakariaren plazan, goizez eta San Bartolomeko Kulturgunean, arratsaldez. Otsailaren 20an, Osasun Zentron goizez eta Sakonetako kiroldegian arratsaldez. Otsailaren 22an, Pinuetan, goizez eta Lamiakoko metroan arratsaldez.

Horrez gain, aurrekontu Irekien prozesuari buruzko informazio gehiago jaso gura duten herritarrak udalerriko hainbat auzotan antolatu dituzte hitzaldietara ere joan daitezke. Hitzaldietan, interesdunek inprimakia bete eta udaletxera helarazi ahal izango dute baita. Hauek izango dira hitzorduak: otsailaren 13an, 19:00etan, Txorierriko Jubilatuen Etxean; otsailaren 20an, 18:30ean, Lamiakoko Jubilatuen Etxean; otsailaren 21ean, 18:00etan, Errekaldeko Jubilatuen Etxean eta otsailaren 22an, 18:00etan, Pinuetako Jubilatuen Etxean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun