Urte hauetan, hainbat aldaketa bizi ditu negozioak: “Digitalizazioagaz batera fotokopiatzeko makina guztiak eguneratu behar izan nituen eta nire kabuz ikasi nuen horiek erabiltzen”. Hasieran, fotokopiez aparte, beste produktu batzuk ere saltzen zituzten: margotzeko materialak, idazteko makinak, lumatxak, etab. Horiek ondo erakusteko, dendak erakusleihoa izan ohi zuen. Alabaina, inbertsio handia egiten zuten horiek erosteko eta produktuak saldu arte denbora egoten ziren dendan. Horregatik, egun, fotokopietan oinarritzen da negozioa.
Kopileioaren identitateaz hausnartzean, argi du erantzuna: “Dendaren esentzia ni neu naiz. Ez ni pertsonalki, baizik eta ematen dudan zerbitzua eta sortzen ditudan harremanak. Datozen asko jada ez dira bezeroak, baizik eta lagunak”. Hala, aitortu du oso pozik dagoela Leioako biztanleek eman dioten guztiagatik. “Laboralki bizitza eman didate”.
Hala, azaldu du negozioaren bezeroak beti direla herrikoak: ikasten ari diren gazteak, tramite bat egiteko fotokopiak behar dituzten pertsonak, etab. “Ez dago profil zehatz bat, baina hainbeste urte hemen lanean aritu eta gero fideltasuna nabari dut bezeroekin”, baieztatu du. Halaber, haietako askogaz euskaraz eraiki du harremana, euskaltzaletasunaren aldeko apustua eginez egunero.