Prestatu magnesioa eta katu oinak, badator Climbing Girl Party

Ander Zarraga 2024ko ots. 20a, 09:32

Iaz, 180 eskalatzaile inguruk parte hartu zuten Climbing Girl Partyn.

Martxoaren 7an, Emakumearen Nazioarteko Egunagaz bat eginda, Leioa Mendi taldeak 12. Climbing Girl Party egingo du, adin eta maila guztietako neska eta emakume eskalatzaileentzako jaialdia. 

Aurreko urteko topaketan 180 lagun inguruk parte hartu zuten, eta urtez urte gero eta emakume gehiago erakartzen dituen ekimeneko antolatzaileek egitasmoa handitzen jarraitzeko kolaboratzaile bila ari direla jakinarazi dute. Hala, aurten, berritasun gisa, haurtzaindegi-zerbitzua ere eskaintzeko asmoa dutela iragarri dute, eskalatzera doazen amek lasai parte hartu ahal dezaten.

Eskalatzeko izen-ematea doakoa izango da eta egunean bertan egingo da, ekitaldia hasi aurretik. Adin eta maila guztietako neska eta emakumeen lehiaketak eta erakustaldiak 17:00etatik 21:00etara izango dira, Sakoneta kiroldegian.

Izen-emateagaz batera, eskalatzaileei kamiseta bat ere oparituko zaie eta lehiaketako irabazleek txokolatezko medailak ere jasoko dituzte; izan ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, sariak parte-hartzaile guztien arteaz zozkatuko dituzte, "lehiaketaren ospea mantentzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun