Segurtasun Sailak argitaratutakoaren arabera, lehen lapurreta astelehen gauean izan zen, emakume bat eraikin bateko garajeko oinezkoentzako atetik sartzera zihoanean. Gizon batek poltsaren uhaletik heldu zion, eta, elkarren aurka borrokan ari zirela, biktima lurrera erori eta lapurrak poltsa kendu zionean korrika egin zuen ihes. Lapurrak erabilitako indarkeriaren eraginez biktimari lesioak eragin zizkion esku batean eta zerbikaletan.
Martitzen arratsaldean, 13:30ak aldera, gizon batek atzetik indarrez tira eginda poltsa kendu zion Leioako kale batean oinez zihoan emakume bati. Gizonak emakumea lurrera bota zuenean, kontusioak eragin zizkion bizkarrean eta esku batean. Jarraian, lapurrak ihes egin zuen, dirudienez, ibilgailu batean.
Egun bereko 20:30ak aldera, beste emakume bati egin zioten lapurreta bere etxeko atarian sartzera zihoanean. Biktimak azaldutakoaren arabera, gizon bat emakumearen atzetik sartu zen eraikinean eta, bultza egin eta lurrera bota ondoren, zeraman poltsa kendu zion. Emakumea osasun-zentro batean artatu behar izan zuten erorikoaren eta urradura batzuen ondorioz eragindako lesioengatik.
Susmagarriaren atxiloketa
Ertzaintzaren eta Leioako Udaltzaingoaren patruilek azken lapurreta eta minutu batzuetara antzeman zuten gizon susmagarri bat. Gizona astelehenetik martitzenera bitartean Erandion lapurtua izan zen auto baten inguruan zegoen. Autoak manipulatuta zituen abio-sistemako kableak, eta barruan poltsa bat eta hainbat objektu aurkitu zituzten, besteak beste, diabeteserako gailu bat, diru-zorro bat, betaurreko batzuk eta arropa, horietako batzuk etxeko atarian lapurreta egin berri zioten emakumearenak.
Zegozkion frogaketak egin ondoren, gizona, antzeko modus operandia eta indarkeria erabiliz egindako hiru lapurreta horien egilearen deskribapen fisikoagaz bat zetorrela baieztatu ahal izan zuten agenteek, horrenbestez, horiengatik eta autoaren lapurretaren ustezko egile gisa atxilotu zuten.
Halaber, Erandioko Ertzain-etxean ikertzen ari dira atxilotuak antzeko beste delitu batzuekaz zerikusia izan dezakeelakoan. Ian ere, atxilotuak aurrekari ugari ditu, besteak beste, indarkeria erabiliz egindako lapurretengatik, lesioak eragiteagatik eta jabetzaren aurkako egitateengatik, eta Getxoko Guardiako Epaitegira eraman dute polizia-eginbideak amaitzean.