Leioako emakume migratzaileen harrera-prozesua dinamizatzeko egitasmo berria aurkeztu dute

Erredakzioa 2024ko ots. 23a, 11:17

Lehen saioa hurrengo otsailaren 28an egingo dute Mendibileko eskolan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Loturak Emakumeok Leioa izeneko emakume migratzaileen harrera-prozesuak dinamizatzeko programa berria garatuko du, emakume migratuen eta autoktonoen arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak sortzeko helburuagaz.

Datozen hilabeteetan, Leioan hainbat tailer egingo dituzte emakumeek beren migrazio-esperientziak eta harrerari buruz dituzten kezkak adierazteko eta kontatzeko aukera izan dezaten. Saio horietan idatzizko materialak eta ikus-entzunezkoak sortuko dituzte, herritarrak migrazio-prozesuez sentsibilizatzeko eta emakumeek horietan duten zeregina ikusarazteko.

 Loturak Emakumeok Leioa egitasmoko lehen saioa datorren eguaztenean, otsailak 28, izango da, Mendibileko Eskolan, arratsaldeko 17:30etik 20:30ak arte. Leioako Udalak ekimena ezagutu eta bertara joan gura duten emakume migratzaile, errefuxiatu eta autoktono guztiak gonbidatu ditu horretara.Izena emateko gizartezerbitzuak@leioa.eus helbidera edo 944 801 336 telefonora deitu beharko da.

Ekimena Leioako Immigrazioari eta Kultura arteko Bizikidetzari buruzko II. Planaren barruan kokatzen dela azaldu du Pilar Grados Gizarte Politiketako eta Immigrazioko zinegotziak. Politikariak adierazi duenez, "emakumeak jatorrizko herrialdeetatik gure udalerrira iristen direnean nola hartzen dituzten eta nola hartzen ditugun jakin nahi dugu, harrera-prozesu horiek hobetzeko. Era berean, herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu gure artean hartzen dugun moduari arreta jartzeak duen garrantziaz, eta aitortu nahi dugu zaila dela emakume horientzat ezezaguna den leku batera iristea, familiak eta etxeak atzean utzita".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun