Atzo, hilak 25, elkarretaratutako 70 herritarrek lore-eskaintza eta agurra dantzatu zizkioten, eta gogoratu zuten Tigre beste 15-20 lagunegaz batera AEK eta ikastolek antolatutako barnetegi batean euskara ikasten ari zela hil zutela, ehun metroko distantziatik tiro eginez. "Profesionaltasun eta zehaztasun handiko atentatua izan zen, eta GALek egun hartan bertan hartu zuen bere gain, EFE agentziari deituta", azaldu zuten elkarretaratzea deitu zuten Sortuko ordezkariek.
Paul Laka Sortuko Bizkaiko arduradunak ere hartu zuen hitza, gerra zikinaren erabilera eta horren aitortza falta salatzeko: "Hamarkadetan, estatuak gerra zikina sistematikoki aplikatu izan du ezker independentismoaren kontra. Finantzatutako talde parapolizialak, torturaren erabilera orokortua, oinarririk gabeko ilegalizazioa, sumario eta espetxeratzeak. Beste askorena bezala, Tigrerena espainiar estatuak agindutako heriotza izan zen, eta oraindik ez dago egindakoaren inolako aitortzarik, ez erreparaziorik, ezta ardura hartzerik ere. Bada garaia, behingoagatik, estatuak egindakoa aitortu eta horren gaineko erantzukizuna hartzeko".
Halaber, Lakak Tigreren memoria bizirik mantendu eta horrek amestutako Euskal Herriaren alde lanean jarraitzeko deia ere egin zuen, "bera eta beste asko Euskal Herriaren aldeko borrokan engaiatu ziren bezala, orain guri dagokigu, haien izen eta izanak gogoratzearekin batera, haien bidean aurrera egitea".