Leioako Udal Kontserbatorioa berritzekoa lanak bukatutzat eman ditu Udalak, eta horren berri emateko, Iban Rodriguez alkateak eta Mikel Abascal zinegotziak kontserbatorioko auditoriuma bisitatu dute. Azpimarratu dutenez, gaur egun, Musika Eskolak 679 ikasle ditu eta Kontserbatorioak 86.
Leioako alkateak adierazi duenez, inbertsio hori beharrezkoa izan da "Leioako herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitateari eusteko”, eta gogorarazi duenez, "Kontserbatorioko auditoriuma funtsezkoa da, ez bakarrik taldeentzako entsegu-leku gisa, baita urtean zehar entzunaldi ugari egiteko agertoki gisa ere, besteak beste, Gabonetako kontzertuak, ikasleen errezitaldiak, ikasturte amaierako entzunaldiak eta udalerriko eskolentzako kontzertu didaktikoak".
Egin dituzten lanen artean, besteak beste, besaulkiak berritu eta haien kokapena aldatu dute, edukiera apur bat areagotzeko. Harmailetan ere esku-hartzea egin dute eta horiek motorizatu dituzte abesbatzentzako eremua areagotuz.
Halaber, hainbat hobekuntza teknologiko ere egin dituztela ere iragarri dute, hala nola audio- eta bideo-proiekzio sistema berria instalatu dute eta argiztapen-instalazioa ere eguneratu dute. Auditoriumak aldaketa estetikoak ere izan ditu zoladuraren akaberan, estaldura bertikalean eta sabaian. Gainera, suteetatik babesteko sistema osoa ere berritu dutela jakinarazi dute.
Kontserbatorioa eta Udal Musika Eskola
Leioako Udal Musika Eskola eta Kontserbatorioa 1980an sortu zen. Gaur egun, 44 urteren ondoren, 18 instrumentu espezialitate dituen erreferentziazko zentroa da, eta hurrenez hurren, 679 eta 86 ikasle dituzte.
Halaber, zentroak Leioan musika ikasteko eskaintza osoa ere du: alde batetik, Musika Eskola sei urtetik aurrera hezkuntza amateurragoa eta ludikoagoa lortzera bideratuta dago, adin-mugarik gabe. Bestetik, kontserbatorioa espezializazio handiagoa bilatzen dutenei eta musikan karrera profesionala lortu gura dutenei zuzendutako eskaintza ere dauka.
Halaber, Kontserbatorioa talde instrumental eta koral ugarirengatik nabarmentzen da: orkestrak, bandak, big-band, klarinete-multzoa, txistu-taldeak, gitarra-multzoa, akordeoi-multzoa, txirula-taldea, Doniene helduen abesbatza, san Juan Bautista abesbatza, Leioa Kantika Korala, Gazte Abesbatza eta abesbatzen tailerrak ditu, besteak beste. Gaur egun, Musika Eskolak 679 ikasle ditu eta Kontserbatorioak 86.