Bere aitak negozioa sortu zuen duela 60 urte Erandion, eta Ana Maria Lorite txikitatik horretarako “prestatu” dela dio. Hala, azpimarratu du Flovar bitxi-denda ezberdin egiten duten osagaiak “prestakuntza, gogoak eta zerbitzua” direla: “Dendaren esentzia da bezeroa nola laguntzen eta orientatzen dugun bere erosketa guztietan. Ematen dugun zerbitzuak bereizten gaitu”.
Bitxi-denda izanda, igarri du azken urteetan gero eta zailagoa dela negoziagaz aurrera egitea, izan ere, jendeak “baliabide ekonomiko gutxiago” ditu bitxietan gastatzeko. Aldi berean, Interneten eraginez, erosketa ohiturak aldatu direla nabari izan du. Halere, bere produktuek berezitasun bat dute: "Jendeak bitxiak ukitu, frogatu eta aurrez aurre ikusi gura ditu".
Halaber, pozik dago bere bezeroak "fidelak" direlako. Gehien egiten dituzten salmentak ezkongaientzako aliantzak dira, eta, azken boladan, bitxien zaharberritzeak ere egiten dabiltza. Denda kudeatzeaz eta konponketak egiteaz gain, Lorite gemologoa da, harribitxien analisian aditua: “Bezeroei bermea ematen diet, esaterako, benetako topazio edota esmeralda bat erosten ari direla. Hori ziurtatzea garrantzitsua da, egun faltsifikazio eta harri sintetiko asko daudelako".