Maiatzaren 5era arte eman ahalko da izena Leioako udalekuetan

Ander Zarraga 2024ko api. 15a, 12:09
Udalekuak ekainean eta uztailean egingo dituzte, Leioakoak diren edo udalerrian ikasten duten umeentzat. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Uda, Gazte Uda eta Udatxiki programak eskainiko ditu beste urte batez. Egitasmo horien bitartez, ume eta gazte leioaztarrak udako oporretan dauden bitartean, hezkuntza eta kirola bateratzen dituen aisialdirako aukera duten bitartean, gurasoei lana eta familia kontziliatzeko aukera ere eman gura diete. Izena emateko epeari dagokionez, apirilaren 22tik maiatzaren 5era arte egin ahalko da Gazte Uda eta Udaren kasuetan, eta maiatzaren 20tik 29ra, Udatxikiren kasuan.

Gazte Udan eta Udan izena emateko epea, kasu bietan, apirilaren 22tik maiatzaren 5era izango da. Aldiz, Udatxiki programarako, izena emateko epea maiatzaren 20an hasiko da.

Uda

Hasteko, Uda programak 800 plaza eskainiko ditu guztira, hamabostaldiko 400, 2011 eta 2017 urteen artean jaiotako umeentzat, kirol-jardueraren bat egiten duten bitartean dibertitu gura direnentzat. Programa bi hamabostalditan garatuko dute, uztailaren 1etik 12ra eta ekainaren 15etik 30era, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara. Behar duten familiek 09: 00etan sartzeko ere aukera izango dute.

Aurre-izenematea apirilaren 22tik maiatzaren 5era egingo da, Sakonetako Kiroldegian bertan, 09:00etatik 21:00etara, Torresolon 12:00etatik 21:30era edo modu telematikoan egoitza elektronikoaren bidez, udaletxean.leioa.eus webgunean. Izena ematen dutenen zerrenda maiatzaren 9an eta 10ean jarriko dute ikusgai, eta erreklamazioak maiatzaren 13tik 17ra bitartean egin ahal izango dira. Zozketa maiatzaren 20an izango da, 09:30ean, eta plaza onartzeko epea maiatzaren 22tik 31ra bitartekoa izango da.

Parte hartzeko ezinbestekoa izango da da izena emateko epea baino sei hilabete lehenago Leioan erroldatuta egotea. Leioako Udal Kirol Erakundean abonatutako pertsonek 44 euro ordaindu beharko dituzte hamabostaldi bakoitzeko, eta ez erroldatuek 71 euro hamabostaldi bakoitzeko.

Gazte Uda

Beste alde batetik, Leioako 14 eta 17 urte bitarteko (2007-2010) gazteentzako aisialdi hezitzaileko programa da Gazte Uda. 80 plaza eskainiko dituzte, uztailaren 1etik 12ra, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara. Hainbat jarduera egingo dituzte bertan eta astean behin txango edo irteera bat egingo da.

Aurre-izenematea apirilaren 22tik maiatzaren 5era egingo da, telematikoki egin ahal izango da egoitza elektronikoan (udaletxean.leioa.eus), aurrez aurre Leioako eta Gaztelubideko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo Leioa Gazteguneko aterpean. Azken kasu horretan, astelehenetik barikura 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era.

Izena eman dutenen zerrenda Aterpe Leioa Gaztegunean kontsultatu ahal izango da maiatzaren 9tik 17ra, eta plaza baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa publikoa egingo dute maiatzaren 20an. Plazen behin betiko tramitazioa maiatzaren 22tik 31ra egin beharko da. Kultur Leioako Amig txartela dutenek 40 euro ordainduko dituzte eta ez dutenek 65 euro.

Udatxiki

Azkenik, 2018tik 2021era bitartean jaiotako txikienei zuzenduta dago Udatxiki, bai Leioan erroldatuta daudenei, bai udalerriko ikastetxe publikoren batean eskolatuta daudenei ere. Jarduera ludiko eta hezigarrien programa hau Txomin Aresti, Artatza, Altzaga eta San Bartolome ikastetxeetan garatuko dute, uztail osoan zehar. Familiek hilabete osoa edo bi hamabostaldietako bat aukeratu ahal izango dute. Ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da, haurtzaindegi zerbitzuagaz 08:00etatik aurrera, eta 16:00etan irten ahal izango da bazkalostean eta siestagaz.

Izena emateko epea maiatzaren 20tik 29ra izango da, plazak esleitzeko zozketa ekainaren 5ean izango da, zerrendak ekainaren 5etik 7ra jarriko dira ikusgai eta uko egiteko epea (egoitza elektronikoaren bidez) ekainaren 12ra arte izango da. Izen-ematea egoitza elektroniko bidez (udaletxean.leioa.eus) edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan (HAZ) egin daiteke.

Familiek 152,86 euro ordaindu beharko dituzte programa horrengatik hilabete osorako, eta 76,43 euro hamabostaldia, anai-arreba bi edo gehiago matrikulatzen dituzten familientzat: 137,57 euro hilean eta 68,79 euro hamabostaldian. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duten familiek hilean 76,43 euro eta hamabostaldian 38,21 euro ordainduko dituzte; bi anai-arreba edo gehiago matrikulatzen badituzte, hilean 68,78 euro eta hilean 34,39 euro, hurrenez hurren. Eguerdiko zerbitzua eskatzen duten familiek (14:00etatik 16:00etara), gainera, 74,31 euro ordaindu beharko dituzte hilabete osorako bada, eta 37,16 euro hamabostaldi baterako bada.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun