Hodi baten hausturak itogin larriak eragin ditu Lamiakoko antzokian

Ander Zarraga 2024ko api. 17a, 16:26

Lamiako Maskaradako kideek horrela aurkitu zuten auzoko antzokia, domekan entsegua egitera joan zirenean. © LAMIAKO MASKARADA

Domekan, entseatzera joan zirenean, Lamiako Maskaradako kideek auzoko antzokia urez beteta aurkitu zuten. Deitoratu dute ez dela gertatzen den lehen aldia eta eraikin hori Maskaradakoek ez ezik, auzoko beste hainbat elkartek erabiltzen dutenez, gutxieneko baldintza batzuk bermatzeko eskatu diote Leioako Udalari.

"Heldu ginean, konturatu ginen itoginaren azpian norbaitek kubo bat jarri zuela; gerora, gure artean hitz egiten, jakin genuen ostegunetik horrela zegoela, eta Udaltzaingoak ere bazekiela, baina guk abisua eman arte inork ez zuen ezer egin", azaldu du Arene Arbizu Lamiako Maskaradako kideak.

Gaineratu duenez, horren eraginez entsegua kalean egin behar izan zuten egun horretan, eta argindarrik ez zutenez, auto batetik atera behar izan zuten musika. Gainera, erantsi du ikuskizunean erabiltzen duten egurra hondatu zaiela eta zapaian arrakala bat ere azaldu dela.

"Aurreko urtean ere berdina gertatu zitzaigun, baina oraingoan larriagoa izan da. 40 urte baino gehiago daramatzagu hemen eta eraikin hau auzoko beste hainbat elkartek erabiltzen dute, beraz, uste dugu minimo bat egon beharko litzatekeela", azpimarratu du leioaztarrak. Zehaztu duenez, eraikina elizaren jabetzakoa da, eta Udalak esan die urteak daramatzala horiekaz negoziatzen, "baina guk eskatzen dugun bakarra da eraikina erabili ahal izateko gutxieneko bat". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun