Margolari gazteak… eta ez hain gazteak… izeneko lehiaketa 08:00etatik 15:00etara egingo dute domekan. Aurkeztuko diren artistek beren artelanak aldez aurretik ezarritako lekuetan egin beharko dituzte, eta obretan agertu egin beharko dira kasuan-kasuan dagokion elementuak: Elexalde errota, Estartetxe kalea, Lamiako-Txopoeta, Mendibile jauregia, Ondiz, Pinosolo parkea, Sabino Arana kalea, San Bartolome baseliza, udaletxea eta eliza eta Udondoko bulebarra.
Artelanetarako teknika librea izango da, eta gutxieneko tamaina 55 x 46 zentimetro izango da; gehienekoa, berriz, ezin izango da 100 zentimetrotik gorakoa izan alde luzeenean. Gainera, obra bastidore edo zurrun baten gainean aurkeztu beharko da.
Sariei dagokionez, irabazleak 1.300 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.100 euro eta hirugarren sailkatuak 800. Halaber, 18 eta 30 urte bitarteko egile onenarentzat Gaztea sari berezia ere egongo da 800 euroko sariagaz, eta beste kategorietan saririk jaso ez duen egile leioaztar batek Leioa saria ere jasoko du 500 eurogaz batera. Harrobia saria ere izango da 18 urtetik beherako egileen artelan onenarentzako, 500 euroko diru-sariagaz. Saritu guztiek margotzeko paleta bat ere jasoko dute.