Umore Azokak nazioarteko profesionalak dituzten bost konpainia ere ekarriko ditu Leioara

Ander Zarraga 2024ko mai. 7a, 17:15

Teatro do Mar portugaldarrek "Numb" ikuskizuna eskainiko dute maiatzaren 18an. © TEATRO DO MAR

Portugal, Argentina, Frantzia, Suitza, Italia, Irlanda, Belgika eta Mexikoko nazioarteko artistak ere izango dira aurtengo Umore Azokan, nazioartean arrakasta izaten ari diren proposamenakaz. Guztira, hilaren 16tik 19ra bitartean, 41 konpainiak 80 ekitaldi inguru eskainiko dituzte Leioako hainbat tokitan.

Egun gutxi falta dira Leioako Udalak urtero antolatzen duen kaleko arteen industriaren garapena sustatzeko antolatzen duen azokaren 24. edizioa hasteko. Diziplina eszenikoei eskainitako plaza honek 40 konpainia baino gehiago izango ditu aurten, horietatik bost nazioartekoak izango dira, eta beraien profesionalak zortzi herrialdekoak dira: Cidelet Pur les Thereses, Frantzia eta Argentinakoa; Tetes de mules, Frantzia, Suitza eta Italiakoa; Facile a retenir, Mexiko eta Frantziakoa; Cie. Balancetoi & Maleta company, Irlanda eta Belgikakoa; eta Teatro do Mar, Portugalekoa.

Aurten, Leioako Udalak azokan parte hartzeko 600 eskaera inguru jaso ditu, eta datu hori azoka martxan jarri zenetik handiena izan dela azpimarratu dute arduradunek. Hautagaietatik, nazioarteko bost konpainia hautatu dituzte eta programazioan sartuta. 

Besteak beste, antolatzaileek nabarmendu dituzte Tetês de mules (Frantzia) eta Teatro do Mar (Portugal) konpainien eskutik datozen proposamenak: Apocalypso izenpean Frantziako konpainiaren kasuan eta Numb portugaldarrenean. Biek publiko guztiarentzat zuzendutako antzerki-ikuskizunak eskainiko dituzte, barikuan, maiatzak 17, eta zapatuan, maiatzak 18, hurrenez hurren.

Teatro do Mar konpainiak 20 urte inguru daramatza eremu publikoari bereziki zuzendutako ikerketa eta sorkuntza lanetan, hau da, kaleko antzerkian. Euren lanen artean, antzerkitik, zirkutik, dantzatik, forma animatuetatik eta musika originaletik bideoaren teknologia berrietara igarotzen diren diziplina eszeniko guztiak konbinatzen dituzten emanaldiak egin dituzte. Umore Azokaren edizio honetarako prestatu duten Numb ikuskizunak Carlos Campos, Douglas Melo, Lia Vilao, Luis Joao Mosteias eta Sofia Santos aktoreak izango ditu taula gainean.

Bestalde, 2012an sortutako Tetês de mules konpainia frantsesak sortutako antzezlanak publikoarekiko interakzioa sustatzen du. Beste antzerki konpainia batzuekaz lan egin izan dute, Cirque Ozigno, Cie Buffpapier eta Brunettes Bros taldeakaz, besteak beste.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun