#0KM - Berton bertokoa

Arantza Prado: "Estatubatuarra den bezero batek beti esaten dit nire negozioa maite duela denda txiki bat garelako, eta horrela jarraitzera animatzen nau"

Ander Zarraga 2024ko mai. 9a, 17:19

Arantza Pradok Leioan du bere denda Luis Bilbao Libano kalean.

Fieldburu jaunartze edo ekitaldi berezietarako umeentzako jantzien denda bat baino askoz gehiago da, bertan diseinatu eta ekoizten baitituzte beraien produktuak. Nazioartean ere saldu arren, Arantza Prado jabeak azpimarratu du beraiek herriko denda bat direla eta horrela jarraitu gura dutela izaten.

Pradok sortutako marka da Fieldburu eta umeentzako jantziak sortzeaz gain, helduentzako lanak ere egiten dituztela gaineratu du: "Tela bat edo ideia bat baduzu guk egin dezakegu edo amaren ezkontzako jantzia ere konpondu dezakegu". Maiatza beraientzako urteko sasoirik garrantzitsuena dela azaldu du, hainbat umek egiten baitute jaunartzea sasoi honetan, baina uda osoan zehar ere saltzen dituzten ekitaldi berezietarako hainbat jantzi. Hori bai, bakoitza bakarra dela dio, "nire gustuaren eta eskatzen didatenaren arabera egiten ditudalako".

Fieldburu markagaz hamar urte inguru daramatzala kontatu du, "baina dendak hogei urte baino gehiago ditu". Leioan eta inguruko herrietako bezeroei ez ezik, Internet bidez jantziak AEBetako, Erresuma Batuko edo atzerriko beste toki batzuetan ere saltzen dituela azaldu du, baina bera herriko denda txiki bat bezala sentitzen jarraitzen da, horrek ematen dion hurbiltasunagatik. "Estatubatuarra den bezero batek beti esaten dit nire negozioa maite duela denda txiki bat garelako, eta horrela jarraitzera animatzen nau", kontatu du.

Markaren izenari dagokionez, honela deskribatu du bere jatorria: "Markaren izena dator Prado, nire abizena, ingelesez field esaten delako eta buru nire senarretik dator. Marka ingelesez jarri nuen Interneteko bilatzaileetan hobeto azaltzeko., munduan zehar saldu nahi baduzu izenburuak garrantzia asko duelako, eta hobe ingelesez badago". 

"Jantziak guk egiten ditugu dendan: patroiak sortu, ehunak moztu eta josi; dena eskuz, eta jendeak eskatzen digunaren arabera", azaldu du du jostunak. Hala ere, deitoratu du bere sektorea ez dagoela unerik onenean, berea bezalako denda askok itxi behar izan dutelako. Hala ere, modan dagoen kalitate txarreko arropa merkearen aurrean berak banan-banan eta eskura ekoizten dituen jantziak saltzen jarraituko duela azpimarratu du: "Erosteko eta botatzeko moda azkarraren aurrean, bizi guztirako diren eta belaunaldietatik pasa daitezkeen jantziak ditut nik". 

Pardo Leioako merkatarien elkarteko presidentea ere bada, eta azaldu duenez, beraien zeregin nagusia da kide direnei eguneroko lana aurrera ateratzeako erraztasunak ematea. "Dendariek barruan duten hori errealitate egitea da gure lana", laburbildu du. Bere ustez, herriko denda txikiek kontsumitzeko bestelako modu bat eskaintzen dute, kalitatean eta iraunkortasunean oinarritutakoa, hain zuzen. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun