Tailerretako lehenengoa ongizate emozionala lantzen hasi gura dutenentzako hastapenen ingurukoa izango da, aldiz, bigarrenean gai aurreratuagoak landuko dituzte, aurretik ere izan direnentzako. Tailerrak 20 ordukoak izango dira, 10 astetan banatuta, bakoitzean ordu biko saioakaz eta Mendibilen dagoen Emakumeen Ahalduntze Eskolan egingo dituzte, eguaztenetan oinarrizkoa eta eguenetan aurreratua, 18:00etatik 20:00etara.
Bietan, norberaren eta besteen emozioak entzuten, emozio desatseginak eta horien intentsitatea identifikatzen, emozioak desblokeatzeko gorputz-mugimenduak praktikatzen edo sentipenak modu asertiboan adierazten ikasteko lana egingo dute, besteak beste.
Halaber, azaroan, prestakuntza praktikoa amaitu ondoren, lau hitzaldi-saio egingo dituzte burmuinak emozioen eraikuntzan duen funtzionamenduari buruzko gakoak hobeto ulertzeko. Horien helburua da tailerretan ikasitakoa ulertzen laguntzeko prestakuntza teorikoa jasotzea.
Izen-ematea lau hitzaldietarako egin beharko da, baina tailerretako inskripzioarekiko independentea da, eta tailerrak eta hitzaldi-zikloa gaztelaniaz izango dira. Izena emateko epea 2024ko maiatzaren 6tik 16ra bitartekoa izango da, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan (HAZ) edo Udalaren Egoitza Elektronikoan. Izena plazak baino jende gehiagok ematen badu, zozketa bat egingo dute maiatzaren 17an, Kultur Leioako laugarren solairuan, 12:00etan. Informazio gehiago jaso daiteke 946 072 576 telefono-zenbakian edo udalhezkuntza@leioa.eus helbidera idatzita.