Hilaren 31n, 17:30ean, Maiatzak Lamiako Maskarada iragarri aurretik, folklorez eta mitologiaz betetako ospakizun honen historia biltzen duen liburua aurkeztu dute Leioan. Duela sei urte hasitako prozesuaren emaitza izan da, eta 200 orrialde baino gehiagotan elkartearen eta bakarrik Lamiakon egiten den festaren historia, argazkiak eta hainbat lekukotasun biltzen ditu.
Atzo, barikua, Kultur Leioan egin duten liburuaren aurkezpenean izan ziren Leioako alkate Iban Rodriguez, Lamiako Maskaradako Arkaitz Correa eta elkartearen sortzaile eta eszenografo Jose Luis Raymonde; azken biak argitalpenaren egilekideak ere izan dira.
Alkateak argitalpenari buruz azpimarratu zuenez, "benetako istorioen, bizilagunen oroitzapenen eta bizipenen 200 orrialde dira, Lamiakorentzat garrantzitsuak diren pertsonen kontakizunak eta argazkiak. 200 orrialde, gure jatorriak, sustraiak eta historia gogorarazten eta balioesten dizkigutenak, gure tradizioetan, kulturan, folklorean eta jendearengan barrena ibilbide bat egiteko aukera ematen digutenak". Halaber, "egindako lana eta argitalpena posible izan dadin lagundu duten herritarren eskuzabaltasuna" ere goraipatu du alkateak.
Argitalpenaren egilekideek adierazi dutenez, liburu hau obra "multibokala" da, eta "bere nortasuna bilatzen duen auzo baten errituala den festa honen analisiaren eta deskribapenaren bidez, Lamiako markatu eta eraldatu duten gertaera historiko, sozial eta ekonomikoetan murgiltzeko aukera ematen digu".
Ibilbide historikoa
Auzo baten izaera liburua Lamiakon bakarrik egiten den jaialdia berrikusten hasten da bere sorreratik, iragan mitologikoagatik, eta atzera ere begiratzen du, industria-gune gisa ez ezik, hiri-, gizarte-, jai- eta kirol-agertoki gisa ere duen garrantzia balioesteko.
Gainera, azterlan honek Lamiakoko bizilagunek bizi izan duten testuinguru soziala gogoratzen du, eta emakumeek kolektiboaren protagonista gisa izan duten papera ere nabarmentzen du, ondoren Maskaradaren ernaldi eta garapen prozesuan murgiltzeko.
Lamiako Maskarada 70eko hamarkadaren amaieran sortu zen, urte nahasietan, eta hala gogoratzen du liburuak, bere hastapenetan sakontzen duenean, urteetan zehar egindako ibilbidean; euskal folkloreari egindako ekarpenagaz, jatorriaren oroitzapenari eta arbasoekiko batasunari; eta baita bere orainaldian ere, Lamiako Maskarada belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzen baita.
Andrea Ruiz Bazola, Luis Bilbao Ibarrondo, Rosana Mencía del Río, Jose Luis Raymond Aldecosia, Ainhoa Correa Juez, Arkaitz Correa Navarro, Nagore Marcos Juez eta Adelaida Otxoa Ikaza dira liburuaren egilekideak eta, argitalpen osoan zehar, Lamiakoko bizilagunen eta Leioako auzo honetarako garrantzitsuak diren edo izan diren pertsonen testigantzez baliatu dira.
Letragaz batera, Maskarada eta Lamiako auzoa irudikatzen dituzten eta haien berri ematen duten argazkiak ere ageri dira liburuan, askotan herritarrek ekarriak.
Liburua bi bertsiotan argitaratu dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta bietako edozein Kultur Leioan erosi daiteke 10 euroren truke.