Leioak koloreak aterako dizkie erasoei, transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko egunean

Erredakzioa 2024ko mai. 17a, 09:19

Leioako Udalak sustatuko duen kanpainak bat egingo maiatzaren 17agaz eta ekainaren 28agaz.

Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzak 17, eta Leioako kaleetan sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina bat egingo dute, LGTBIQ+ kolektiboak jasaten duen diskriminazioari buruz kontzientziatzeko, bai gurean bai nazioartean ere. 

Maiatzaren 17a 1990etik da Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna, OMEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuenetik, hain zuzen ere. Hala, Leioak erakusketa bat abiatu du "koloreak atera nahi dizkiegu..." lelopean, herritarren artean hausnarketa pizteko erasoei, herrialde batzuetan indarrean dagoen heriotza-zigorrari, intolerantziari eta desberdintasunari buruz.

Horretarako erakusketa herriko bi gunetan kokatuko dute: Langileria 202 eta Sabino Arana 54, maiatzaren 20tik uztailaren 1era arte. Kanpaina horrek ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, mezu bera bidaltzeko eta kontzientziatzeko ere balioko duela azpimarratu dute udal-iturriek.

Kasu bietan, eta efemeride biak direla eta, Udalak Leioako gizartea gonbidatu gura du pertsonei sexu-orientazioagatik, identitateagatik edo genero-adierazpenagatik egiten zaizkien eraso fisiko, psikologiko, intelektual eta moralak hausnartzera, aldarrikatzera eta salatzera.

Programazioa

Maiatzaren 17an eta ekainaren 28an Leioako Udalak, Berdintasun arloaren bitartez, hainbat tailer garatuko ditu udalerriko ikastetxeetako ikasleakaz: batetik, ikasleei genero-ikuspegitik harreman afektibo-sexualei buruzko ekimenak gauzatuko dituzte LH, eta DBHko ikasleakaz, eta, bestetik, ikastetxeak ekimen baten eszenatokia izango dira, Artaza-Pinueta, Lamiako, Txomin Aresti, San Bartolome, Altzaga Ikastola, Barandiaran eta Laketeko egoitzetako patioetan dauden bankuak LGTBI koloreakaz margotuko dituztelako.

Halaber, maiatzaren 22an eta 23an Zinegoak jaialdiaren proiekzioak egingo dituzte, doan, Kultur Leioan, 19:00etan. Gainera, urtero legez, Udalaren eta Kultur Etxearen eraikinetan LGTBI bandera jarriko dute, Udalak aniztasunarekiko eta berdintasunarekiko duen konpromisoaren erakusgarri.

Horrez gain, Leioako Udalak 944 801 336 Aholkularitza Juridikoko Zerbitzua eskaintzen du behar duenarentzat eta sexu- eta genero-aniztasunagaz lotutako informaziorako; Eusko Jaurlaritzak ere bere zerbitzua du berdindu.bizkaia@gmail.com helbidearen edo 946 453 322 telefono-zenbakiaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun