La Pez, La Corcoles eta Cie Balancetoi & Maleta Companyk jaso dituzte aurtengo Umore Azokaren sariak

Ander Zarraga 2024ko mai. 20a, 09:45

La Pez konpainiaren "Plaza" lanak irabazi du aurtengo Umore Azokaren Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria. © LEIOAKO UDALA

Aste-akabu honetan egin duten Umore Azokaren amaiera-ekitaldian banatu dituzte epaimahaiaren sariak. Sektoreko ordezkari esanguratsuek emandako errekonozimenduen bitartez, parte hartu duten artisten talentua eta sormena aitortzea eta balioestea izan dute helburu.

Hasteko, aurtengo Umore Azokako Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria La Pez konpainiaren Plaza lanarentzat izan da. Epaimahaiko kideek sari nagusia eman diete piezaren freskotasunagatik, hurbiltasunagatik eta publikoagaz izan duen erabateko komunikazioagatik. Tokikotik globalera doan erakusketa izan delako, bihotzagaz hitz egitea lortu duelako eta dramaturgia berriak erabili dituztelako, komunitatea eta elkartasuna, errespetua eta desberdintasunaren aldeko borroka bezalako balioak sortuz.

Bestetik, 2024ko Munduko Ikuskizun Onena Cie Balancetoi & Maleta Conpany konpainiak lortu du Claudette lanagatik. Zirkuaren poetika eta txotxongiloak uztartzeagatik saritu dute, aldi berean erakusketa sinple eta handi bat lortu baitute. Maila handiko bi diziplinetan egindako obrak eta belaunaldien arteko istoriak emozioa eragin du ikusleengan.

Azkenik, Umore Azokako epaimahaiak 2024ko Aipamen Berezia eman dio La Corcoles konpainiari, H izeneko erakusketagatik. Funanbulistak dotorezia eta edertasunagaz dantzan egin duelako kable baten gainean, diziplina hau erreza izango balitz bezala irudikatu dutela adierazi dute epaimhaiako kideek.

Sariak banatzeaz arduratu den epaimahaia sektoreko ordezkari esanguratsuek osatu dute: Amagoia Garaiazabal, Basauriko Udaleko Kultura Teknikaria eta Artekaleko Presidentea; Anna Guiberet, Fira Tarragako Zuzendari Artistikoa; Fernando Marin, Gasteizko Udaleko Teknikaria eta KaldeArteko Programatzailea; Luis Lozano, Kultura Kudeatzailea eta Espainiako Antzerki, Auditorium, Zirkuitu eta Jaialdien Sareko Zirku Batzordeko Kidea; eta Isabel Pérez Izquierdo, Kultura Kudeatzailea eta Andaluziako Kultur Erakundeen Agentzia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun