Leioako haurrek lau proiektu lehenetsi dituzte 2025erako, Aurrekontu Irekien bidez

Erredakzioa 2024ko eka. 10a, 14:43

Leioako Haurren Kontseilua osatzen duten kideak, Iban Rodriguez alkateagaz eta Julen Capetillo zinegotziagaz. © LEIOAKO UDALA

Leioako Haurren Aurrekontu Irekien prozesua itxi dute daborduko, eta Udalak bere gain hartu ditu umeek 2025erako aukeratu dituzten bost eskaerak: umeentzako kirol-jarduera gehiago, kulturagaz lotutako tailerrak, Pinsoloko parkeko Basajaunentzako pertsonaia mitologiko gehiago eta iturriak ikastetxe publikoetan. 

Udalak 205.000 euroko partida ekonomiko bat erreserbatuko du datorren urteko Udal Aurrekontuetan, Leioako umeek Haurren Aurrekontu Irekien bidez aukeratutako lau proiektu horiek gauzatzeko. Ekintzak adingabeen hausnarketatik sortu direla azpimarratu du Udalak, eta beraiek egindako proposamenak dira, bizilagun guztien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko pentsatutakoak, batez ere adingabeena.

Haurren Aurrekontu Irekiak Leioako Umeen Kontseiluan antolatutako ekintzetako bat da, eta entzuteko eta benetan parte hartzeko bidea dela azpimarratu du Leioako Udalak, txikienek udalerriaren errealitateari eta udal-kudeaketari begira egiten dutena. Zehaztu dutenez, aurten, udalerriko 300 ume baino gehiagok parte hartu dute, iazko kopuruaren antzekoa.

Leioako Haurren Kontseiluak ikasturte honi amaiera eman zion aurreko astean, udalerriko alkate Iban Rodriguez Etxebarriagaz eta Herritarren Partaidetzarako eta Gobernu Irekiaren zinegotzi Julen Capetillogaz bilduta.

Kontseilua osatzen duten haurrek, ikasturtearen hasieran, onartu zuten Udalak abian jarritako erronka, umeek jolasari dagokionez dituzten eskubideak lantzeko, Leioa udalerri jolasgarriagoa izan dadin. Jolasaren bidez garatzeko eta hazteko gune egokiak eta aukera egokiak dituztenak. Horretarako, umeek hausnarketa eta ideia guztiak zabaldu eta helarazi gura izan dituzte eta horretarako, Udalagaz batera, jolasaren dekalogo bat garatuko dute, datozen hilabeteetan aurkeztuko dutena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun