Leioan etxebizitzak hobetzeko obretarako diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago

Erredakzioa 2024ko eka. 13a, 14:00

Leioako etxebizitzen irisgarritasuna, isolamendua edo putzu septikoen deuseztatzea diruz lagunduko dituzte laguntza hauen bitartez. © LEIOAKO UDALA

Lehendik dauden eraikinetan urbanizazioa, energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna, putzu septikoen deuseztapena edo ondarearen babesa hobetzeko lanetarako diru-laguntzak eskatzeko deialdia abiatu du Leioako Udalak.

Aurtengo deialdiaren berritasuna da 2023ko azken hiruhilekoan, 2024an eta 2020an, 2021ean eta 2022an egindako esku-hartzeetarako laguntza ekonomikoa eskatzeko aukera ere jasoko dute. Udala azaldu du azken urte horietan, salbuespen gisa, bizilagunen erkidegoek muga jakin batzuekaz funtzionatu behar izan zutela, COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, lehendik zeuden laguntzak eskuratzea zaildu ahal izan zutelako.

Oinarri berrietan jasotako diru-laguntzetarako partida honen zenbatekoa 300.000 eurokoa dela zehaztu dute, eta eskaera egiteko epea ekainaren 7tik, 2024ko urriaren 15era arte egongo da zabalik. Eskaerak Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan (HAZ Udaletxea eta Gaztelubide) aurkeztu beharko dira, eta www.udaletxean.leioa.eus webgunean horretarako gaitu duten erregistroetan ere aurkeztu ahal izango dira.

Bost lerro

Laguntza hauetarako Udalak bost laguntza-lerro ezarri ditu, eta, beraz, diruz lagundu ahal izango dira: erabilera publikoko eta titulartasun pribatuko urbanizazioak hobetzeko eta egokitzeko obrak; etxebizitza kolektiboko eraikinetan inguratzailea edo termikoa hobetzeko obrak –fatxadan eta estalkian isolamendu termikoa jartzea, hobetzea edo leihoak aldatzea–; irisgarritasuna hobetzeko obrak etxebizitza kolektiboko eraikinetan –adibidez, igogailuak instalatzea igogailurik gabeko komunitateetan, atariak berritzea igogailurako irisgarritasuna bermatzeko edo kanpoko elementuak egokitzea atarirako irisgarritasuna bermatzeko–; eraikin babestuen fatxada, estalkia edo egitura hobetzeko obrak eta putzu septikoak deuseztatzeko, husteko, garbitzeko eta Galindoko HUAra hondakinak garraiatzeko obrak.

Informazio osoa eta xehatua kontsultatu daiteke horretarako Udalak sortutako Laguntza Publikoen web orrian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun