Laketen bosgarren urteurrena baliatu dute Leioan berdintasunaren alde egiten den lana eskertzeko

Erredakzioa 2024ko eka. 26a, 12:24

Sarituak izan ziren pertsonak, elkarteen ordezkariek eta ekitaldiaren buru izan ziren arduradunak, familia-argazkian. © LEIOAKO UDALA

Joan den astean, Leioako Jabekuntza Eskolaren bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten. Horretan, besteak beste, eskolak antolatzen dituen jardueretan parte hartzen duten emakume guztien konpromisoa nabarmendu eta eskertu zuten; izan ere, 260 emakume erabiltzaile baino gehiago eta ia 40 prestatzaile gonbidatu zituzten ekitaldira.

Urteurren ekitaldia Gurutze Beitia aktore eta kazetariak gidatu zuen eta horren buru izan ziren Iban Rodriguez Leioako alkateak eta Consuelo Castellanos Berdintasun zinegotzia. Beraiekaz batera ere izan ziren Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Trinidad Vicente.

Leioako Udalak, Berdintasun arloaren bitartez, aukera aprobetxatu zuen hainbat esparrutik berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde lan egiten duten herritarren edo elkarteen ekarpenak aitortzeko.

Batetik, Leioa Mendi Taldeari egin zioten aintzatespena, mendi eta eskalada kirolen sustapenean eta jardueran diharduteagatik, eta kirolaren bidez emakumeen ahalduntzea ikusarazteagatik eta sustatzeagatik. Gaude elkartearen lanak ere errekonozimendua jaso zuen, adimen-desgaitasuna duten pertsonak eta haien senideak laguntzeko egiten duten lanagatik. Gaudek Leioan du egoitza eta bere lan handia aitortu zioten desgaitasuna duten emakumeak sartzeagatik.

Norbanakoei dagokienez, batetik Eva Ferreira EHUko errektoreak jaso zuen Laket saria, STEM eremuan berdintasunaren alde egiten duen lanagatik. Bestetik Idoia Bilbao Leioako Udaleko emakume langileak ere jaso zuen Laket errekonozimendua, 30 urtetan zehar Udalean egindako lanagatik eta ahalduntze eskolako instalazioen arduradun gisa duen konpromiso eta arduragatik.

Azkenik, Andrak Leioako emakumeen elkartearentzako izan zen Laketek aintzatespena bere helburuetan etengabeko ikaskuntza eta hezkuntza txertatzeagatik, emakumea gizarteratzeko eta gizartean parte hartzeko tresna gisa. Ekitaldian azpimarratu zutenez, elkarteak 2.000 bazkide baino gehiago ditu, eta horietatik 500ek baino gehiagok modu aktiboan parte hartzen dute egiten dituzten jardueretan.

Jabekuntza eskola

Laket emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta belaunaldien eta kulturen arteko topagune bat sortzeko sortu zen, beste emakume batzugaz eztabaidatu, hausnartu eta ikasteko.

Bost ikasturtetan zehar, Laketek ikuspegi feministatik lan egin izan du Leioako emakumeen ahalduntzearen alde. Guztira, 100 ikastaro eta jarduera baino gehiago eman dituzte 40 prestatzailek, eta 260 emakumek baino gehiagok hartu dute parte horietan.

Mendibileko eskoletan dago, Mendibil 13 kalean. Bertan eskaintzen dituzten ikastaroak doakoak dira, plaza mugatuakaz, eta lehentasuna dute Leioan erroldatutako emakumeek. Horietan haurtzaindegi-zerbitzua eska daiteke, eskaintzari buruzko informazio gehiago gura izatekotan idatzi laket@leioa.eus helbide elektronikora.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun