Ikusgai daude Leioako artisautza udal-ikastaroetan parte hartu duten ikasleen lanak

Erredakzioa 2024ko uzt. 3a, 09:12

Iban Rodriguez alkateak eta ikastaroetako zenbait egile eta irakasle, erakusketa bisitatzen. © LEIOAKO UDALA

Kultur Leioako erakusketa-gunean, datorren uztailaren 29ra arte, Leioako herritarrek egindako lanen erakusketa dago ikusgai. Hurrengo ikasturteko tailerretan izena emateko epea ere zabaldik dago daborduko.

Daborduko publikoarentzat zabalik dagoen erakusketak 11 espezialitatetako lanak biltzen ditu, hala nola zura zizelkatzea, zeramika, marrazketa eta pintura, altzariak zaharberritzea, puntua eta kakorratza, ebaketa eta jantzigintza, argazki digitala. Ikastaro horietan, 402 pertsonak parte hartu dute bukatu berri den ikasturtean.

"Ikastaro hauek, ikasteko eta trebetasunak garatzeko espazioez gain, aukera bat dira gure bizilagunak elkartzeko eta gizarteratzeko, partekatzeko eta komunitatea egiteko", adierazi zuen Iban Rodriguez Leioako alkateak erakusketara hainbat egile eta irakaslegaz batera egindako bisitan.

18 ikastaro

Horregaz batera, Leioako Udalak iragarri du 2024-2025 ikasturtean eskainiko dituzten 18 ikastaroetako batean parte hartu gura dutenek aurrez-izena eman ahal izango dutela abuztuaren 26tik irailaren 6ra bitartean.

Izena emateko izapideak aurrez aurre egin daitezke, astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:00etara, Udaleko edo Gaztelubideko Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuetan, eta, telematikoki, egoitza elektroniko honetan. Eskabideak eskainitako plazak baino gehiago badira, irailaren 10ean horiek esleitzeko zozketa egingo dute.

Ikastaroak irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartean hasiko dituzte, eta 2025eko ekainean amaituko dira. 12 espezialitatetako 18 ikastaro eskainiko dituzte guztira: zura zizelkatzea, zeramika, marrazketa eta pintura, arte aplikatuak, altzariak zaharberritzea, ehoziriak ahokatzea, puntua eta kakorratza, kontakizun laburra, ebaketa eta jantzigintza, mugimendua eta erlaxazioa musikaren bidez, argazkigintza digitala, edizioa eta errebelatze digitala.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun