Leioako zortzi gazte kontratatuko dituzte enplegua sustatzeko ekintzen barruan

Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 09:22

Lanposturako hautagaiak 30 urtetik beherako gazteak izan beharko dira eta ezin izango dira iazko programa honetako onuradunak izan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 16 eta 30 urte arteko zortzi gazte kontratatuko ditu turismoaren, merkataritzaren, herritarren parte-hartzearen, administrazioaren eta artxiboaren arloko zeregin teknikoak egiteko eta euskara dinamizatzeko. Kontratazio-prozesu hau Lanbideren bitartez egingo dute eta 12 hilabeteko kontratuak izango dira.

Leioako Udalak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuagaz lankidetzan, eta EAEko 2021-2027 EGIF Plus Programaren esparruan, langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko zortzi gazte kontratatuko ditu. Programa hau Behargintzan garatuko dute eta horren helburua da gazte leioaztarrak enplegagarritasunerako eta lan-merkaturatzeko aukerak hobetzea eta erraztea, ikaskuntza eta esperientzia eskuratuz.

Guztira, zortzi lanpostu eskainiko dituzte, guztiak 12 hilabetekoak, eta lanaldia % 100ekoa izango da. Hauek dira bete beharreko lanpostuak: turismoko teknikaria, merkataritzako teknikaria, herritarren partaidetzako teknikaria, euskara-dinamizatzailea, gizarte-integratzaile bi, artxiboko teknikaria eta administrazio-teknikaria.

Baldintzak

Udaleko iturriek zehaztu dutenez, adinaren baldintza betetzeaz gain, hautagaiek enplegu-eskatzaile gisa eta Gazte Bermea Sistemaren Fitxategian izena emanda egon behar dute. Gainera, ezin izango dute programa honetan sartu joan den urtean bertan parte hartu dutenek edo Leioako Udalak 2023ko enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdian kontratatu dituenak.

Lehentasuna izango dute lanpostu bakoitzean eskatzen diren titulazioen gaineko baldintzak betetzen dituzten hautagaiek, Leioan bizi direnek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren titularrak edo onuradunak direnek, edo 30 urte betetzetik gertuen daudenek.

Hautagaitzak Lanbideren bidez kudeatuko dira gaurtik aurrera, uztailak 5 barikua. Informazio guztia Lanbideren webgunean kontsultatu daiteke: www.lanbide.euskadi.eus. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun