Uztailaren 26tik abuztuaren 4ra

Leioa Kantika Koralak Taiwango Taipei International Choir Festival jaialdian parte hartuko du, gonbidatu gisa

Iker Rincon Moreno 2024ko uzt. 8a, 11:30

© LEIOAKO UDALA

Basilio Astulezek zuzendutako Leioako udal-kontserbatorioko abesbatzak Taiwanera egingo du salto uztailaren 26tik abuztuaren 4ra. Izan ere, Taipei International Choir Festival jaialdi entzutetsuan arituko diren nazioarteko hiru taldeetako bat bezala aukeratu dute.

Indonesiako Batavia Madrigal Singers eta Norvegiako Cantus taldeakaz partekatuko ditu agertokiak Leioa Kantika Koralak. Horiekaz, zazpi kontzertu emango dituzte Taiwango hainbat tokitan, hala nola Nankang, Yi Lan, Kaohsiung eta Chiayi. Gainera, birritan taularatuko dira Taipei National Concert Hall areto handian, "bere akustikarengatik ezaguna mundu osoan", nabarmendu dute leioaztarrek.

Bizipen hori izateko aukera izango duten 11 eta 20 urte bitarteko 45 abeslariek ilusioz eta erantzukizunagaz egingo diote aurre erronka handi horri, eta hainbat garai eta estilotako zenbait musika-programa eskainiko dituzte. Horien artean, Basque Soul nabarmendu dute, euskal egileen errepertorio koralaren aukeraketa bat dena. Horregaz, Taipeiko agertokira igoko dira abuztuaren 1ean, Xabier Sarasola, Junkal Guerrero, David Azurza, Eva Ugalde, edo Josu Elberdinen lanakaz, beste musikagile batzuen artean.

Horietako azkena izan da, hain zuzen ere, taiwandar folkloreko Diu Diu Dang lana Kantikarako bereziki ondu duena eta abesbatzak baliatuko duena mandarineraz abestuz bere kontzertuei amaiera emateko, eta bertako entzuleei haien txaloak eskertzeko.

Antolatutako zazpi kontzertuez gain, Kantikak bi masterclass ere eskainiko ditu, non zuzendari eta profesional taiwandarrek abesbatzaren lanaz gozatu eta taldeagaz entsegu ireki bat partekatu ahal izango duten.

Leioa Kantika Koralak lehiaketa eta jaialdi ugaritan parte hartu du 2000an sortu zenetik. Europaz gain, Hego Korean, Txinan, Israelen edo
Mexikon ere aritu da, eta, iaz, Istanbulen egin zen Musika Koraleko Munduko Sinposioan parte hartzeko aukeratu bakarra izan zen Espainiako Estatuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun