"Urrea oso gertu izan genuen", onartu du Arias Barrutiak. Izan ere, finaleko azken segundoan Terrasak egindako jaurtiketa bati esker lortu zuen garaipena. Hala ere, neskak "oso ondo" aritu zirela azpimarratu du, Kataluniako lehiakortasuna eta intentsitatea altua baita. "Urte osoan zehar, lan ikaragarria egin dute eta eurena da meritua", baieztatu du, harro.
Jokalariek 12 urte dituzte, Askartza ikastetxetik datoz eta waterpoloaz biziki gozatzen dute. Alabaina, oztopo handi bat dute: igerilekuak. "Ez dugu igeritokirik ondo entrenatzeko. Beraz, horren kontra ere jokatu behar dugu", deitoratu du entrenatzaileak. Horren eraginez, are meritu gehiagogaz baloratzen dituzte lortutako emaitza onak. "Lortutako lorpen hau berriro errepikatzea oso zaila izango da etorkizunean, beraz, txalotzekoa da".
Gainera, euren lorpenak hainbat hedabidetan izan duen eragina eskertu du Arias Barrutiak, garrantzitsua baita "waterpoloari bultzada emateko".
© ASKARTZA WATERPOLO TALDEA