Saharako hiru umek Leioan igaroko dute uda aurten

Iker Rincon Moreno 2024ko uzt. 11a, 12:31

Harrera ekitaldia, atzo, Leioako udaletxean. © LEIOAKO UDALA

Oporrak Bakean programaren barruan, Mendebaldeko Saharako Kaslucha, Jalifa eta Baba neska-mutilak gurean dira uztaila eta abuztua Leioako familia bigaz igarotzeko. Programa hori Udalaren eta Fath elkartearen arteko lankidetzari esker garatu da, eta helburua da ume horiek errefuxiatuen kanpalekuetako baldintza gogorretatik eta basamortuko tenperatura altuetatik urruntzea, besteak beste.

Eguazten goizean, Iban Rodriguez Etxebarria alkateak, Pilar Grados Gizarte Politiketako zinegotziak eta Udalbatzako beste ordezkari batzuek harrera egin zieten uda igarotzeko hiru adingabeei eta haien harrera-familiei. Topaketak haur horiei Leioan egonaldi zoriontsua opatzeko balio izan du eta familiei euren konpromiso eta eskuzabaltasunagatik eskerrak emateko, udalak zehaztu duenez.

Oporrak bakean programak helburu hauek ditu, besteak beste:

  • Errefuxiatuen kanpalekuetako haur sahararrei aukera ematea bizi dituzten baldintza gogorretatik ateratzeko, eta basamortuko tenperatura altuetatik urruntzeko (udan 50 ºC-ra irits daitezke).
  • Kanpalekuetan ezinezkoak diren azterketak eta tratamendu medikoak egitea, beharren arabera tratamendu desberdinak egiteko aukerak aztertuz.
  • Beharrezko mantenugai-mailak berreskuratzeko aukera emango dien elikadura-oreka ematea.
  • Duela 40 urte baino gehiagotik pairatzen duten arazoari buruz kontzientziatzea.
  • Harreran zehar familia-loturak sortzea, kanpamenduetara itzultzen direnean iraungo dutenak (elikagaiak bidaltzea, botikak, familiei bisitak, eta abar).

Leioako Udalak urtero diru-laguntza baterako deialdia egiten du ume horiek beren jatorrizko lekuetatik Leioara egiten duten bidaiaren gastuak estaltzeko. "Saharar haurrek beren bizi-baldintzak eta bizi-kalitatea hobetzeko behar duten laguntzaren alde Udalak duen babesaren eta konpromisoaren beste adibide bat da", nabarmendu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun