Leioako Udalak jakinarazi duenez, normaltasuna berreskuratu dute Leioako kirol-eskaintzari dagokionez. Azaldu dutenez, herrian kirol-zerbitzua kudeatzen duen enpresak eta ELA sindikatuak, udalerriko langileen gehiengoa denak, akordio bat lortu dute beharginak grebara eraman zituen lan-gatazkari amaiera emateko.
Horregaz batera, Torresoloko kanpoko igerilekuak ere ireki dituzte ordutegi jarraituagaz, 10:00etatik 21:00etara, baina instalazioak irekita egongo dira 21:30ak arte.
Gainera, azaldu dute Leioa Kirolakeko abonatuek beren abonu-kuotaren barruan dutela igerilekuetarako sarbidea, eta, beraz, instalazioetara sartu ahal izango direla ordainketa gehigarririk egin behar izan gabe. Aldiz, Leioa Kirolaken abonatuak ez direnek, eguneko sarrerak erosi ahal izango dituzte. 5 urtera arteko umeentzako sarrerak, 5 urtekoak barne, dohainik dira, 5-26 urte bitartekoak 4,5 euro balio dute eta 26 urtetik aurrerakoak 6,5 euro. Interesatuek 946 004 475 telefonoan eska dezakete informazio gehiago.