Matrikulazio kanpaina abiatu dute Leioako Mastitxu Udal Euskaltegian

Erredakzioa 2024ko ira. 4a, 09:36

Berritasunak dakartza Mastitxu Udal Euskaltegiak ikasturte berrirako: hizkuntzaren transmisiorako eta erabileraren normalizaziorako garrantzi berezia duten kolektiboentzako euskararen erabilera sustatzeko tailerrak eskainiko dituzte. Proposamena bereziki zuzenduta egongo da gurasoei, merkatariei eta ostalaritzako langileei baita euskaragaz eta euskal kulturagaz lehen hurbilketa bat izan gura duten pertsonei ere.

Mastitxu Udal Euskaltegiak maila guztietako eta leioaztarren beharretara egokitutako eskaintza prestatu du 2024-2025 ikasturterako. Adibidez, ikasleekastean 10, 8, 5 edo 4 orduko ikastaroen artean aukeratu ahal izango dute.

Klaseak % 100 presentzialak izango dira eta nahiago dutenek BOGA autoikaskuntza metodoa ere erabili ahal izango dute. HABEren diru-laguntza bereziak ere izango dituzte C1 maila egiten duten 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat eta baita A1 mailan dauden ikasleentzat ere.

Nobedadeak

Ikasturte berri honetarako berrikuntza gisa, eta hizkuntzaren transmisiorako eta erabileraren normalizaziorako garrantzi berezia duten zenbait taldetan euskararen erabilera sustatzeko helburuagaz, Mastitxu Udal Euskaltegik bereziki gurasoei, merkatariei eta ostalaritzako langileei eta euskaragaz eta euskal kulturagaz lehen hurbilketa bat izan gura duten pertsonei zuzendutako tailerrak eskainiko ditu.

Horrela, euskara landuko dute kolektibo horietako bakoitzaren beharrak kontuan hartuta, adibidez, gurasoen kasuan seme-alabekiko komunikazioa errazteko, eta merkatarien eta ostalarien eta bezeroekiko ostalaritzako langileen kasuan. Tailer bat ere egongo da bizkaieraz hasi gura dutenentzat.

Ikastaro horiek urritik abendura bitartean izango dira, astean behin, eta 5 euroko kostua izango dute. Hauek izango dira horien ordutegiak: gurasoak; astelehenetan, 14:00etatik 15:45era; saltokiak eta ostalaritza: eguaztenetan, 14:15etik 16:00etara; euskarara lehen hurbilketa: eguenetan 20:00etatik 21:45era; bizkaiera, astearteetan, 20:00etatik 21:45era.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun