Gaur goizean, Kultur Leioan egin duten aurkezpenean, Iban Rodriguez Leioako alkateak azpimarratu du gobernu-taldearen politiken ardatzetako bat dela kultura, eta hori udalerriko programazioaren eskaintza zabalean eta proposamenen kalitatean nabaritzen dela. Halaber, alkateak gaineratu du kultura ez dela bakarrik ondo pasatzeko denbora-pasa bat, "hezitzailea ere bada eta gizarte hobeago bat sortzen laguntzen gaitu".
Alkateagaz batera, aurkezpenean ere izan da Patricia Urrutia aktorea eta Batetik Bestera ikuskizunaren protagonistetako bat. Giza migrazioei buruz hausnarketa proposatzen duen umorezko umeentzako obra hori kontzertu eta antzerki formatuan etorriko da Leioara, urriaren 2n eta abenduaren 28an, hurrenez hurren. "Elkarbizitzarako balioak partekatzeko proposamen dibertigarri eta interaktiboa izango da", aurreratu du Urrutiak.
Horregaz batera, iragarri dute programazioan ere sartuko dituztela Dantza Plaza saioak, Andrak taldearen Gu gara antzezlana, Goazen taldearen emanaldia, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka eta Leioako Musika Bandaren kontzertua, beste askoren artean. Gainera, aurtengo programazioan, Artatza jauregian gertatutako krimen bat argitzeko murgiltze-esperientzia komiko bat ere estreinatuko dute.